Gaua eta eguna bezala

Miarritzek 21-27 irabazi du Briven, eta Baionak 18-29 galdu du etxean, Montpellierren aurka

Erredakzioa
Baiona
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Miarritzek eta Baionak oso oroitzapen ezberdina izango dute Top14 ligako 11. jardunaldiaz. Ez da gutxiagorako, gaua eta eguna bezain ezberdinak baitira jardunaldi horretan bi euskal taldeek lortu dituzten emaitzak, baita eman duten itxura ere. Miarritzek 21-27 irabazi zuen atzo Briveren zelaian, adore handiarekin jokatuta, eta behetik gora eginez. Baionak, berriz, 18-29 galdu zuen etxean, Montpellierren aurka, goitik behera eginez.

Miarritzek helburu argia zuen Briven: etxean edo Heineken kopan izan duen hobekuntza etxetik kanpo ere izatea. Esan eta egin. Etxetik kanpoko hirugarren garaipena lortu zuen Ligan, sasoiko seigarrena, eta bosgarrena azken sei partidetan. Ez dago zalantzarik: sasoiko dago Lapurdiko kostaldeko taldea.

Ezer leporatzekotan, Briveren aurkako partidako lehen minutuetan izandako txakalaldia leporatu ahal zaio Jack Isaacek eta Jean Mixel Gonzalezek zuzentzen duten taldeari. Brivek oso indartsu hasi zuen neurketa, eta norgehiagoka haustekotan izan zen lehen 44 minutuetan. 21-9 jarri zen aurretik etxeko taldea, eta bazirudien Miarritze esku-hutsik itzuliko zela. Baina usteak ustel. Xuri-gorriek susperraldi bikaina izan zuten, eta hemezortzi puntu egin zituzten jarraian: Mignardik eta Faurek entsegu bana lortu zuten, Peyrelonguek entsegu emendio bat gauzatu zuen, Traillek drop bat, eta Yachvilik zigor kolpe bat. Ikusgarria. Atzoko garaipenarekin, Miarritze laugarren da jada sailkapenean.

Miarriztarren kontrakoa gertatu zitzaion Baionari: ondo hasi zen, eta gaizki amaitu. 12-9 zen aurretik lehen zatia amaitzekotan zela, baina 6-20ko partziala jaso zuen, eta 18-29 galdu. Porrot mingarria da, eta kezkagarria, bosgarrena baita jarraian, eta hirugarrena etxean. Christian Gajanen taldeak bikain ekin zion denboraldiari -lider izan zen-, baina asteak pasatu ahala, behera egin du nabarmen. Zorionez, urruti ditu oraindik jaisteko postuak. Hala ere, ezin du deskuidatu. Lehenbailehen suspertu behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.