Imanol Magro Eizmendi.

Gaubekak eta Aierbek irabazi dute munduko pala txapelketa

2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Esteban Gaubekak eta Mikel Aierbek Munduko Pilota Batzarrak antolaturiko binakako pala txapelketa irabazi zuten atzo. Mungian jokaturiko finalean, 3-1 (12-8, 6-12, 12-11 eta 12-8 ) nagusitu zitzaizkien Aritz Altadill eta Vladimir Lujani. Gaubeka nabarmendu zen, eta bigarrenez jantzi zuen munduko txapela. Aierberentzat, berriz, lehena da.

Pilotalekuan baturiko jendetza berez albiste ona ez balitz bezala, final ikusgarria ikusteko aukera izan zuten. Aurretik, ligaxkan, Altadillek eta Lujanek irabazi zuten; hala ere, txapeldun berriek lehen setean argi utzi nahi izan zuten finala beste kontu bat izango zela (12-8). Bigarrenean Lujanek hartu zuen partidako lema. Atzelari gutxik dute kubatarraren ahala, eta bere agintearekin urdinek nagusitasunez berdindu zuten lehia (6-12).

Hirugarren seta izan zen partidako gakoa, eta, bide batez, orekatu eta politena. Bi bikoteei nekea pilatzen hasia zitzaien, eta irabazten zuenak pauso handia emango zuen. Altadillek eta Lujanek eskura izan zuten (10-11), baina ez zuten lortu azken tantoa, eta Gaubekak eman zion buelta (12-11).

Laugarren seta ere indartsu hasi zuten (4-0), baina urdinek orekatzea lortu zuten (5-5). Seta luzatu hala, baina, txapeldunek tartetxoa ireki, eta ondo mantendu zuten, azkenean besoak altxatzeraino (12-8). Bukaeran ez zen txalorik falta izan bi bikoteek eginiko ahalegina saritzeko.

Finalaren aurretik Fustok eta Larrinagak 3-1 irabazi zuten Urkijo eta Garmaren aurkako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida (10-12, 12-11, 8-12 eta 8-12).Hasiera batean txapela lortzeko faborito zirenek gogotik lan egin behar izan zuten podiumean toki bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.