Hilabete eskas betetzear da Donostian Sito Alonso (Madril, 1975). Lagun Arok Pablo Laso ordezkatzeko fitxatu duen entrenatzailea da, eta gasteiztarra baino zorrotzagoa da lan saioetan eta jokalariek komunikabideekin duten harremanean. Taldeko jokalari pare bati informazio apur bat eskatu, eta xehetasun gutxi ematen dituzte Sito Alonsori buruz: «Langilea», batek. «Perfekzionista», besteak. ACB liga hasteko bi aste geratzen direla, Lagun Aro non dagoen eta nora iritsi nahi duen jakiten saiatu da BERRIA, gertuko tratuan pertsona jatorra dirudien entrenatzailearekin.
Zer moduz joan da lehen hilabete hau?
Tira, finkatutako helburu batzuk bete ditugu, eta ez da gutxi. Taldea barrutik ezagutzen saiatu naiz, antolaketa barneratzen... Bi jokalari falta ditugu oraindik, eta hori gabezia larria da liga hasteko hain tarte txikia falta denean. Taldean jarraitzen dutenei esker, ondo doa elkar ezagutza. Doblasek eta Pankok lau urte egin dituzte segidan Lasorekin, eta Baron, Salgado eta Lander Lasak ere elkar ezagutzen dute. Bizioak bereganatu dituzte, bizio onak. Lau lagunarteko jokatu ditugu [asteartekoa da elkarrizketa], baina laguntza baino gehiago, oztopo izan dira egunerokoan. Erritmoa hausten dute, eta ezin da ondorio garrantzitsurik atera, lagunartekoak direlako. Lau jokatu, eta hiru garaipen lortu ditugu, baina horrek ez dauka garrantzirik.
Eta zure lanaz aparte, zer moduz Donostian?
Ondo, arazorik gabe. Ia egun osoa ematen dut lanean Illunben, eta eduki dudan aisialdi apurrean Zarautz eta Arrasate bisitatu ahal izan ditut. Donostia ere hiri polita da osteratxoak egiteko. Ni Badalonan bizitzen ohitua nago [Herrialde Katalanak], eta antzeko hiriak dira biztanleen kopuruari dagokionez. Lolo [Lolo Encinas bigarren etrenatzailea], Buli [Francisco Javier Oyon delegatua] eta Antonio [Antonio Alonso kirol zuzendaria] lankideekin marmitakoa dastatu ahal izan dut, eta horrekin, lehen irakaspen prozesua gaindituta dagoela esan didate. Ez, benetan, oso gustura nago. Nire lehen lanbidea da Euskadin, baina ondo ezagutzen dut bertako jendearen izaera. 17 urte egin ditut ikastaro bat gidatzen Aran haranean [Herrialde Katalanak]. Urtero Euskadiko 80-100 bat haur biltzen dira, eta, horregatik, ezagunak zarete niretzat.
Jendeak ezagutzen al zaitu kalean?
Bakarren batek bai, baina hori ez da traba. Glenn Close aktorearen tamainako jende ezaguna hirira etorrita, inor ez da arduratuko kalean Sito Alonso ikusten badu.
Traba hitza esan duzula, traba franko eduki duzue taldea osatzerakoan.
Bai, zenbait kontu saihetsezinak dira. Esan nahi dut, jokalari bat nahi duzu, saiatzen zara, eta ezin duzu. Bestea, jokalari bat lotuta eduki, eta jokalari horrek, hartu duen konpromisoa hautsi eta atzera egitea bere borondatez. Horrek nire onetik ateratzen nau.
Haserre zabiltzala sumatzen zaizu.
Bai, hitza betetzea garrantzitsua delako. Baiezkoa eman eta atzera egin zuen pertsona horren erruz, oinarrizko bi pieza falta zaizkigu taldea osatzeko, eta atzerapenarekin goaz. Pibot atletiko, handi bat edukitzea funtsezkoa da nire saskibaloi filosofian, eta hori ez baldin baduzu, arazoak sortzen dira. Ez da gauza bera 2,20 metroko jokalari mantsoa ekartzea edo 2,04ko jokalari azkarra, eta hutsune horrek arduratu egiten nau. Baikorra naiz, halere, eta egun gutxitan nahi duguna lortzea espero dut [taldeak Kenny Adekele fitxatu duela baieztatu zuen herenegun]. Kontua ez da fitxatzeagatik fitxatzea, baina saskipea lehenbailehen itxi behar dugu. Beste talde guztiek itxi dute, eta guk ez; beraz, kaltea guretzat.
Eta, egoera zail horrekin, zein asmo, zein helburu dituzu?
Gauden bezala egonda, oraintxe lehiakorrak izango bagina, konforme nengoke.
Badakizu zaleak, kazetariok helburu zehatzak eskatu zaleak garela. Zerbait esateko moduan bai?
Tira, horrela eskatuta, ez dudala kerik saldu nahi. Zer nahiko nukeen badakit, eta nola lor dezakegun ere bai, baina gerta liteke nire nahiak eta errealitatea bat ez etortzea, eta zuhurtziaz jokatzea onena.
Espainiako Koparako sailkatzeaposible ote den galdetuz gero, ez duzu erantzunik emango.
Une honetan, galdera horri erantzutea axolagabe samarra izango litzateke nire aldetik. Ez dut garaipen zenbaki bat emango lehiakorrak garela erakutsi bitartean. Nahiago dut jendeak hurrengo urteko maiatzean honako hau pentsatuko balu: «Taldeak zeukan guztia eman du partida guztietan, lehiakorra izan da».
Gabeziak gabezia, zaleak ilusioa erakutsi du proiektu berriarekin. Etorri diren jokalariek zerikusi zuzena izan dute aldarte horretan. Sergi Vidalen etorrerak, adibidez. Zer diozu?
Ulertzekoa dela. Oso jokalari ona da, eta guk geuk ahalegin berezia egin baino gehiago, berak Donostian Lagun Arorekin jokatu nahi izan duelako etorri da. Guk ere nahi genuen hura etortzea, baina bistan da berak nahi izan ez balu jai genuela. Zorionez, etortzeko borondatea zeukan. Eskarmentu handiko jokalaria da, eta langile etorri da, eskatzen diogun oro egiteko prest. Orain arte talde handietan bakarrik egon da, Baskonian eta Real Madrilen, eta Lagun Aron, alboan izar distiratsurik gabe jokatzen ohitu beharko du. Izan ere, norberaren jokoa asko aldatzen da zure ondoan Mirza Teletovic eta Felipe Reyes baldin badituzu.
Raulzinho Neto eta Manolis Papamakarios ere etorri dira, kanpoko lerroa osatzeko. Bi hitz, bi haietaz?
Raul luzerako proiektua da. Etorkizun oparoa iragarri diote, baina pazientzia handia eduki beharko da harekin, oso gaztea delako. Dena utzi du atzean, gurera etortzeagatik, eta ez da erraza. Ez da Espainia edo gertukoa den beste jokalari bat balitz bezala. Brasildarra da, eta moldatzen ez bada, ezin du esan banoa eta kito. Buruz bizkorra da, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Papamakariosi buruz, esperientzi onak eta txarrak eduki ditu talde handietan. 30 urte ditu, eta berak ere badaki apustu arriskutsua egin duela. Profesional ona da, eta orain arte behintzat, hitz onak bakarrik entzun ditugu hari buruz. Gauza bat esan nahi nuke. Lagun Arora etortzen den jokalaria berak nahi duelako etortzen da, taldeak erakunde moduan errespetua merezi duelako. Hemen ez dago egon nahi ez duen inor.
Filosofia hori baliagarria da Peter Loranten kasuan ere, ezta?
Jakina. Lau urte egin ditu Urrezko LEB ligako talde berean, Burgosen, eta horrek ondo egokitu dela esan nahi du. Talde berean urte asko egiten dituzten jokalariek euren konpromisoaren berri ematen dute, eta zalantzarik ez dugu. Lorant Donostian baldin badago, neurria emango du.
Aurkezpen egunean, esan zenuen bost jokalarik kontratua izatea oztopo ez baizik onuragarria zela, jokalari garrantzitsuak direlako. Lana erraztu al dizute?
Nire lana haiek ezagutzea izan da. Helburua haiek pozik egotea da, pozik baldin badaude errendimendu hobea emango dutelako eta iristen berriak direnei gehiago lagunduko dietelako.
Zer esango zenuke bi estatubatuarrei buruz, Andy Panko eta Jimmy Baroni buruz?
Pankori buruz, talde guztiek eduki nahi luketen atzerritarra dela. Dagoen tokiko usadioak, hizkuntza eta beste bere egin dituena. Horrez gain, buruz ere azkarra da. Baronen inguruan, haren jarduna erabakigarria izango da gure azken emaitzan. Ezezaguna zela etorri zen, eta ez zuen arreta berezirik eragiten beste taldeen defentsa sistemetan. Denboraldi honetan ez da egoera hori errepikatuko, eta B plan batean pentsatu beharko du. Baronek berak, eta taldeak ere bai.
Zer iruditu zaizu Javi Salgado kapitaina?
Joan den sasoia ez zen on-ona izan harentzat, lesioengatik-eta. Bigarren aukera izango du, eta horri etekina ateratzeko gogoz ikusten dut. Harena izango da aginte makila kantxan, eta ilusioarekin sumatzen dut.
Lander Lasa gaztearen inguruan zerbait esateko modurik bai?
Proba zaila duela, eta ACB ligako jokalaria dela erakutsi behar didala.
David Doblasek taldetik kanpo zeukan hanka eta erdi, baina zure etorrerak haren irteera eten zuen. Pozik horrekin?
Tira, hura da taldean daukagun pibot peto bakarra, eta nik esan gabe ere badaki guretzat funtsezkoa dela. Itxita zeuzkan ateak ireki zaizkio, eta bere helburua ate horiek berriro ez ixtea izan beharko luke.
Zure lan egiteko moduaz galdetu, eta denek bat egin dute: denetan lehena omen zara etortzen, eta azkena etxera joaten.
Tira, saskibaloia nire bizitza da, eta gauza bakar batek arduratzen nau gehiago: alabak. Goizean eta arratsaldean, hiru orduko lan saioak egiten ditugu, eta horiek prestatu, aurkariak aztertu eta beste lan asko egin behar da.
Zein ezaugarriko Lagun Aro ikusiko da sasoi honetan? Joventuten, joko azkarra egin zalea zinen. Antzera izango al da Donostian?
Tira, nire lehen helburua taldeak 40 minutuak bete-betean jokatzea da. Beste talde batzuk baino gutxiago gara diruz eta baliabidez, baina haiek baino hobeak izan gaitezke bizitasunean. Bai fisikoki, baita buruz ere. Beste taldea, atseden hartu, edo nekatuta dagoenean, guk gogor kolpatzen saiatu behar dugu. Abiadura eta askatasun puntu bat jokalariarentzat, egokiena dena egin dezan. Arauak, bai, baina imajinazio pixka bat ere bai. Trantsizio azkarrak egin nahi ditugu, pista erdiko presioa eraso jokoa zailtzeko. Lana, lana eta lana. Esatea erraza da, egitea ez hainbeste. Jokalaria ez da ordenagailu bateko txip bat bezalakoa, sartu eta agindua betetzen duena. Kosta egingo da.
Obradoiro eta Unicaja etxean, eta Valladolid kanpoan, lehen partidak. Liga hasiera ona?
Hiru partidak irabazten baditugu, bai. Obradoirok Urrezko LEB ligako blokeari eutsi dio, eta horregatik bakarrik, gu baino talde hobea da gaur-gaurkoz. Valladolidek lan bikaina egin zuen aurreko sasoian, etxean batez ere, eta Unicaja Euroligako talde handia da. Une honetan, aurkariak nola dauden baino gehiago, gu nola gauden da lehentasuna. Bi aste ditugu sasoiko jartzeko; ea gauzak txukun egiten ditugun.
Sito Alonso. Lagun Aro GBCko entrenatzailea
«Gauden bezala egonda, lehiakor izanda konforme»
Saskibaloia da Sito Alonsoren bizitza. «Alaba bakarrik da garrantzitsuagoa», zehaztu du. Lagun Aroko entrenatzailearen ustez, «orain kirol helburua jartzea erokeria litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu