Gaur amaituko da dolua

Levanteren kontrako azken lehia konfiantza berreskuratzen hasteko baliatu behar du Athleticek

Koikili Lertxundi, zaleak agurtzen, Getaferen aurkako partidan. J. H. / ARP.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Final bat galdu ostean, kosta egiten da aurrera egitea. Porrotak eragiten duen mina ez da egun batean pasatzen, ezta bitan edo hirutan ere. Denbora asko behar izaten da gertatutakoa barneratu ahal izateko. Baina kirolak hori dauka: batzuetan, irabazi egiten da, eta beste askotan, galdu. Athletici galtzea egokitu zaio jokatu dituen azken bi finaletan. Ez Bartzelonaren kontra duela hiru urte jokatutako Espainiako Kopako finalean, ez joan den asteazkenean Bukaresten Atletico Madrilen aurka jokatutako Europako Ligakoan ez zuen aukerarik izan. Kopa altxatzeko aukera urrun izan zuen bi finaletan talde zuri-gorriak.

Hala ere, Espainiako taldearen kontra galdutako norgehiagokak besteak baino askoz min handiagoa egin die zuri-gorriei. Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatutako finalean helburua beteta zelairatu ziren bizkaitarrak. Hau da, finalean egotearekin konforme zeuden taldeko kideak zein jarraitzaileak. Inork ez zion eskatu Joaquin Caparrosek entrenatutako taldeari irabazteko. Athletic Hiria Valentzian jartzea izan zen garaipena. Baina Errumaniako hiriburuan jokatutako finalean bestelako eskakizunak zituen taldeak. Kopa altxatzea zen helburua. Europan 114 urteko lehortea amaitzea eta 28 urte pasatu ostean gabarra itsasadarrean behera ekartzea ziren helburuak. Baina kale egin zuten zuri-gorriek. Porrotak eta galtzeko erak sekulako zauria utzi dute aldagelan. Jokalarien neurketa amaierako negar malkoek erakutsi zuten jasotako kolpearen gogortasuna. Inork ez zuen espero horrelako muturrekorik.

Hotzean aztertuz gero, gaitza dirudi oraingoz Athleticek Europa osoko beste final bat jokatzeko aukera izatea. Lehiakortasun handiko txapelketak dira eta beti ezin izaten da ondo lehiatu. Baina porrot batek ezin du orain arte eraikitako guztia suntsitu. Athletic hazi egin da talde gisa. Onenen artean onentsuena izan da denboraldi honetan. Eta, gainera, gutxitan izaten den aukera izango du. Hau da, aste bi eskas barru beste final bat jokatzeko aukera izango du. Gaitza dirudi Bartzelona handia ezustean harrapatzea, baina ezin da final batera burumakur agertu. Ez litzateke jarrera egokia izango. Beraz, Marcelo Bielsak magia egin beharko du hurrengo egunetan. Psikologo lanak egitea egokituko zaio entrenatzaile argentinarrari. Protagonista nagusien autoestimua berreskuratzeko ardura izango du. Horretarako, hitzaldiak, entrenamenduak eta ligako azken norgehiagoka baliatu beharko ditu.

Levantek du presioa

Levanteren kontra amaituko du liga Athleticek, gaur, Valentzian. Zuri-gorriek ia ez dute ezer jokoan. Bosgarren postua eskuratzeko, konbinazio asko izan beharko dira. Levantek, berriz, aurreko bederatzi hilabeteetan egindako lanbikaina sei onenen artean sailkatuta amaitu gura du. Marka da, baina sasoi guztian Europarako txartela ematen duten postuetan eroso egon ostean eta sariak ihes egingo ez ziola zirudienean, azken bi porrotek kanpoan utzi dute. Hortaz, gogor lehiatu eta galdutako konfiantza berreskuratzeko zelai aproposa dirudi Valentzia Hiria. Zelai gaitza izaten da Levanterena, zelaia egoera txarrean egoten delako eta aurkaria gogor borrokatzen delako. Bada, atera kontuak Europa jokoan egonda. Badirudi Koikilik zelaian agurtzeko aukera izango duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.