Gaur ase, bihar gose

Vladimir Romanov errusiarra da Zalgiris Kaunas taldearen jabea. Kluba erosi, eta porrot ekonomikoa saihestu zuen, baina agintekeria da haren jardunaren ezaugarri nagusia.

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Laurogeiko eta 90eko hamarkadan saskibaloi zale petoa izan zenak betiko gordeko ditu Zalgiris Kaunas taldeko elastiko berdea soinean zeramaten gazte ausart haiek: Valdemaras Homicius, Rimas Kurtinaitis, Sergei Iovaixa, Arvidas Sabonis... Belaunaldi aparta izan zen, baina ez zuten ezagutu kirol arrakasta gorena. Ez zuten garai hartako Europako Kopa irabazteko modurik izan. 1999an, XX. mendeko azken Europako Kopa irabazi zuten lituaniarrek, Bolognako Kinderren aurka.

Talde txapeldun hartako euskarria jokalari lituaniarrek osatzen zuten. Jokalari atzerritarrak lehen mailakoak izaten ziren, baina bizpahiru, asko jota. Tyus Edney eta Anthony Bowie estatubatuarrek jokatzen zuten 1 eta 2 postuetan, eta bostekoko beste hiru jokalariak lituaniarrak ziren: Saulius Stombergas, Tomas Masiulis eta Eurelijus Zukauskas. Aulkian ere lituaniarrak ziren denak, bat izan ezik: George Zidek txekiarra. Kestutis Sestokas, Mindaugas Zukauskas, Dainius Adomaitis eta Darius Maskoliounas ziren beste jokalariak.

Gailurrean zeudela sartu ziren mende berrira, baina orduz geroztik etenik gabe gain behera joan da Europako talde mitikoenetakoa. Desagertzeko zorian egon arte. 2005ean, kirol krisi betean, norabidea aldatzeko zeregina eman zioten Sabonis handiari. Taldeko presidente izendatu zuten, baina Sabonisek hogei urte zeramatzan Lituania jaioterritik urrun, eta gehiago erakartzen zuen Malagako eguzkiaren goxotasunak (Espainia), Lituaniako saskibaloi talde oneneko iskanbilek baino.

2007an taldearen zorra zazpi milioi eurokoa zela jakinarazi zen, eta Lituaniako arduradun politiko gorenek atera zuten zulotik Zalgiris, herri hartako banku zentrala balitz bezala. Euroligan eta Baltikoko ligan jokatzeko ordaindu behar zen dirutza jarri zuten agintariek, baina hilabete gutxiren buruan berritu egin zen arazoa. Jokalariek sosik ez zuten kobratzen, eta horrek giroa gaiztotu zuen erabat. Greba egin zuten kirolariek, eta taldea utzi Marcus Brownek, Ratko Vardak, Loren Woodselek eta beste askok.

Sosik ez, jokalari onik ez eta politikariek taldeari laguntzeko borondaterik ez. Panorama beltza. Sabonisek ere bere sosak bukaerarik gabeko zulo batera bota nahi ez, eta taldearen desagerpena saihestuko zuen inbertitzaile baten bila hasi zen. Lortu zuen: Vladimir Romanov errusiarra. Han eta hemen dauzkan milioiak zenbatzeko komeriak dituen enpresari aberats bat. Eskoziako Hearts of Midlothian futbol taldearen jabea da, eta Lituaniako saskibaloi ligakoa ere bai. Zalgiriseko %75 ere haren taldearena da.

Diruaren boterea

Romanovek jarritako diruak porrota saihestu zuen, bai, baina azkar ikusi zen zein izango zen haren jarduteko modua. Ondo ulertze aldera: «Nik jartzen dut dirua, nik erabakitzen dut». Ondo edo gaizki, bigarren mailakoa da, inork ezin diolako itzal egin. Nahierara egin eta desegiten du, eta berak izendatzen edo kargutik kentzen ditu entrenatzaileak, Sabonisen iritzia aintzat hartu gabe. Joan den sasoian, Romanovek Ramunas Butautas entrenatzailea eta haren laguntzailea kendu zituen, eta Lituaniako Ligako finaleko laugarren partidan, bikote horren ordezko Darius Maskoliounas kanporatu zuen, Lietuvos Ritasenen aurka nahita galtzeko agindu zuelakoan.

Brown eta Dainius Salenga jokalariek egin zuten entrenatzaile lana, eta Romanov ez zen kantxara agertu, badaezpada. Bero-bero zegoen kantxa, eta batek daki zer gertatuko zen jabeak hara azaltzea erabaki izan balu, Zalgiriseko zaleak eta Lituania erdia bere kontra baitzituen. Konparazioak egitea erraza da, eta burua asko estutu gabe gogoratuko gara Romanovek bezala eta Euskal Herrian bertan jokatu zuen batez: Dmitri Piterman Alaveseko ugazaba izandakoa.

Romanovek jarraitzen du hariak mugitzen, ezkutuan. Euroligako kudeatzaileek Zalgirisi lizentzia eman diote, emaitzak onak edo txarrak izan, eta askok Romanoven dirua ikusi dute erabaki horren atzean. Kaunasen 14.000 zale bilduko dituen pabiloi berria edo hurrengo urtean Europako Saskibaloi Txapelketa Lituanian jokatzea ere pisuzko arrazoiak izan litezke, baina Romanoven euroak beti izango dute pisu handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.