AMAIA URANGA (Zumaiako arraunlaria)
"Azkenaldiko emaitza txarrek mesede egin digute"
Zer moduz dago Zumaia?
Nahiko ondo. Entrenamendu onak ari gara egiten. Badakigu ez dela erraza izango Euskotren liga irabaztea, baina horren bila goaz.
Liga hasi zenean espero al zenuten beste talde baten atzetik iristea azken bi estropadetara?
Sasoi-aurrean estropada oso onak egin genituen, eta, alde batetik, espero genuen oso ondo ibiltzea, baina, bestetik, ez genekien nola arituko zen San Juan, ez ginelako haien aurka lehiatu.
Bi estropadetan jarraian irabaziz hartu zizuen aurrea San Juanek sailkapenean, eta zalantzak eragin zizkizueten zuen emaitza horiek?
Ez. Nekearekin heldu ginen asteburu horretara, eta ez genuen asmatu arraunean. Hurrengo astetik aurrera berriz hastea bezala izan zen, eta entrenamendu hobeak egiten ari gara orain. Emaitza txarrek mesede egin ziguten.
Orain zaudete onenean?
Bai.
Itsasoa dago emanda. Hobeto?
Kanporantz, mesede egiten digu itsaso txarrak, eta barrura etortzean ikusi egin beharko da.
Orio eta Hibaikaren emaitzak ere erabakigarriak izango dira liga erabakitzeko?
Ikusi dugu gai direla aurrean ibiltzeko, eta gure mesederako bada, sar daitezela aurrean.
Zein da zuen denboraldiaren orain arteko balorazioa?
Ondo ari gara. Gipuzkoako liga ia irabazita daukagu, eta txapelketak ere irabazi ditugu.
Dena irabaziko zenutela asko zabaldu zen denboraldia hasi baino lehen.
Jendeak gehiago espero zuen neguko emaitzak ikusita ontzi txikietan, baina azkenean, talde guztiak udarako prestatzen dira, eta neguko emaitzek ez dute zeresan handirik.
Euskotren liga berezia da?
Bai. Gipuzkoako liga ez da berdina. Taldeek aldaketak egiten ditugu liga horretan. Euskotren liga, aldiz, elitea da, lau onenak aritzen direlako lehian.
Estropada gutxitxo aukeran liga handian?
Baietz esango nuke. Lau asteburu dira, eta aldeak egiteko aukerarik ez du ematen.
Kontxako Bandera dator segituan. Pentsatzen hasita?
Astelehenean hasiko gara pentsatzen Kontxan.
ANE PESCADOR (San Juan)
"Erakutsi dugu Zumaia baino pixka bat gehiago garela"
Zer moduz iritsi da San Juan asteburu honetako estropada erabakigarrietara?
Oso-oso ondo, nahiz eta azkeneko estropadetan ez zaizkigun gauzak ondo atera; izan ere, probak egiteko-eta baliatu dugu. Azkeneko aste honetan pila bat askatu dugu geure burua. Fisikoki sasoirik onenean heldu gara, eta gorantz goaz.
Azkeneko emaitza txarrek zalantzak eragin dizkizuete?
Ez pentsa. Badakigu akatsak non egin ditugun, eta jakin bagenekien prestakuntzaren parte zirela. Ondo etorri zaigu.
Itsaso txarra dago emanda gaurko eta biharko.
Aldeak handiagoak izan daitezke, baina horrek baino gehiago kezkatzen nau kaleen artean egon daitezkeen ezberdintasunak. Baldintza berdinetan ibili izan garenean, erakutsi dugu Zumaia baino pixka bat gehiago garela.
Denboraldia hasi zenean ez zuten askok uste zuek eta Zumaia parean ibiliko zinetenik, zumaiarrak jotzen zituztelako faborito ia bakartzat.
Neguan haiek ibili dira hobeto, baina udan erakutsi dugu gure prestakuntza nora doan bideratuta. Asteburu honetara eta Kontxara begira aritu gara lanean urte osoan, eta gauzak ondo atera zaizkigu. Jende askok ez zuen espero gu hain ondo ibiltzea, baina erakutsi dugu gu ere bagarela.
Hibaika eta Orio ere gai dira Zumaiaren eta zuen artean sartzeko edo bion aurretik geratzeko. Bi talde horien emaitza ere kontuan hartu beharko duzue, erabakigarriak izan daitezkeelako.
Gu biotako batek huts eginez gero, ez harritu horietako bat aurrean sartzea. Guk kontuan sartu behar dugu bi jardunaldietako batean irabazten badugu Euskotren liga gurea izango dela, bost garaipen izango genituzkeelako. Eta araudiak eguneko garaipenak hartzen ditu kontuan, berdinketa egonez gero.
Kontu horiek burutik kendu behar lanean hasterako,ezta?
Bai. Gure helburua bandera irabaztea da, eta horren bila goaz.
Zergatik du garrantzi handiena Euskotren ligak?
Arrazoi askogatik da. Estropada handietan lehiatzen da, eta talde bakoitza daukan onenarekin ateratzen da beti. Aldiz, Gipuzkoako liga probak-eta egiteko erabiltzen dugu.