Gaur hasiko da ofizialki traineruen denboraldia. KAE2 ligako lehen estropadak emango dio hasiera. Luancon lehiatuko dira ontziak eta arraunlariak(Asturias, Espainia). Hamahiru talde dira, eta beste horrenbeste estropada jokatuko dituzte. Gero, aurreneko biek igotzeko kanporaketako bi estropada egin beharko dituzte, Lutxanan eta Pasaian.
Traineruetako ligen artean, apalena da hau. Azkenekoa. Oso arreta gutxi bereganatzen du parte hartzen duten herrietatik kanpo, baina horiek ere arraunlariak dira, eta prestakuntza gogorra eginda ekingo diote lehiari. Zein ibiliko den ondo eta zein ez, gaurtik aurrera jakingo da. Izan ere, klub horien berririk apenas ateratzen den, eta lehian bertan ikusten da zertarako gai diren.
Traineruen zerrendari erreperatzen badiogu, bada izen bat nabarmentzen dena: Trintxerpe.Itxuraz, berak behar luke izan faborito. Duela bi asteburu Mutrikun irabazi zuen, ezustean eta eguraldia lagun. Beste ligetako traineruekin egun hartan egindako alderaketak ez du balio, baina haren lehiakideek eguraldi berarekin egin zuten arraun, eta pasaitarrak izan ziren azkarrenak. Urte batzuk lehenago, Azkuene on hartan arraun egindako zenbait arraunlari itzuli dira tostetara, horietako batzuek beste klub batzuekin San Miguel ligan urteak egin eta gero. Talde ona osatu du Trintxerpek. Baina, gero, uretan erakutsi beharko du faborito izaera, eta hor izaten dira gorabeherak liga honetan. Izan ere, estropada eremu batzuk ez dira batere fidagarriak izaten, eta arriskuak ez dira alboko traineruan bakarrik egoten.
Bestelakoan, KAE2 ligaren ezaugarrietako bat ondorengoa izango da: filosfia ezberdinak lantzen dituzten taldeak ariko dira. Bigarren ontziak daude (Orio B, San Pedro B eta Donostiarra B), harrobia indartzeko asmoz, eta beste batzuek lehen on- tzia daukate liga honetan. Aldeak alde, lehia polita izango da, eta ikuskizuna ere bai, liga apalena izan arren.
Gaur hasiko da KAE2 liga
Hamahiru talde lehiatuko dira, eta beste horrenbeste estropada jokatuko dituzte iraila bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu