Jokoen zuzia berriz ere piztuko da gaur Stratfordeko olinpiar estadioan. Kirolak berriz ere irentsiko du Londres, Paralinpiar Jokoekin. Parte-hartzaile kopuru orokorrak gora egin badu ere, euskal kirolarienak behera egin du, sei bakarrik ariko baitira. Gutxi dira duela lau urte parte hartu zuten hamabostekin alderatuta, eta domina uzta ere murriztuko da ziur asko —Pekinen zortzi izan ziren—.
Londreskoak inoizko Paralinpiar Joko handienak izango dira, inoizko parte-hartzaile kopuru handienarekin: 4.200, Pekinen baino 200 gehiago. Gaur gauean irekiera ekitaldia izango da, Stratforden, eta irailaren 9ra arte iraungo dute. 164 herrialdetako atletak elkartuko dira, eta 20 kiroletako 503 proba jokatuko dira. Maila asko daude kirol bakoitzean, urritasunaren arabera. Oro har, hiru multzo handi daude: urritasun fisikoak, buruko urritasunak eta ikusmen arazoak dituztenenak.
Richard Oribe (Donostia, 1974). Igerilaria
Seigarren jokoak ditu Richard Oribe igerilariak . Askorentzat, inoizko euskal paralinpiar onena denak bere mitoa handitzen jarraitu nahi du. Hamalau domina irabazi ditu, Bartzelonan aurrenekoz uretaratu zenetik: horietatik zortzi, urrezkoak. Garun paralisidun inoizko igerilaririk onena da.
Aurreko jokoetan lau probatan parte hartu izan badu ere, Londresen hirutan bakarrik ariko da, estilo libreko 50, 100 eta 200 metrokoetan —taldekakoetarako aukeraketan ere sar daiteke—. Hiruretan munduko txapeldunorde da gaur egun, eta jokoetan bere onena emateko duen ahalarekin ez litzateke harritzekoa hiruretako batean urrezko dominaren bat kolkoratzea. Oribe hilaren 31ko goizean hasiko da lehiatzen, estilo libreko 50 metrokoan. 100 metrokoa irailaren 5ean jokatuko du, eta 200 metrokoa, bere proba kutuna, 8an. Sailkapenak goizez jokatuko ditu, eta, aurrera eginez gero, finalak, arratsaldez.
Ander Romarate (Eibar, Gipuzkoa, 1994). Igerilaria
Hiru probatan hartuko du parte, bizkar eta bular estiloko 100 metroetan, eta 4x100 estilokoan, Espainiako laukotearekin. Irailaren 1ean bular estiloan jardungo du, 4an bizkar estiloan, eta taldeka 8an. Sailkapenak, goizez, eta aurrera eginez gero, arratsaldez. Bizkar estiloan seigarren izan zen Munduko Txapelketetan.
Mari Carmen Rubio (Iruñea,1974). Arku tiralaria
Arazo fisikodunen mailan ariko da, eta azken Munduko Txapelketetan eginikoa pixka bat hobetzeko asmoz. 2009an laugarren izan zen, eta 2012an bosgarren. Bere lehen jokoak ditu, eta arku konposaturako gutxieneko marka bi aldiz lortuta sailkatu zen. Rubio 30ean hasiko da lehiatzen, eta, aurrera eginez gero, 31n, 2an eta 4an izango ditu kanporaketak.
Laura Garcia (Barañain, Nafarroa, 1981). Judoka
Bere bigarren jokoak ditu, eta Pekinen lorturiko diploma —zazpigarren izan zen— hobetzea du helburu Garciak . Ikusmen arazoak dituzten judokentzako 48 kiloz azpiko mailan lehiatuko da, hilaren 30ean. Seigarrena da munduko sailkapenean eta dominen lehian egon daitekeela aurreratu du.
Aitor Oroza (Bilbo, 1976). Txirrindularia
Bigarren jokoak egingo ditu Orozak bere trizikloaren gainean, eta berak baino urritasun maila txikiagoa duten kontrarioen aurka (T1-T2 mailak). Bere mailan lehiatuko balitz, dominak ia ziurrak lirateke; baina besteekin nahastuta, zailagoa da. Pekinen zazpigarren izan zen erlojupekoan, eta hura hobetu dezakeela uste du. Irailaren 5ean, arratsaldez jokatuko du erlojupekoa eta 8an errepideko proba.
Asier Garcia (Bilbo, 1981). Saskibaloi jokalaria
Bilboko hegal pibotak lehen jokoak ditu, eta dominen lehian egon nahi du Espainiako selekzioarekin. Iaz, hirugarren izan ziren Europako Txapelketan, eta baikor dira. 30etik 3ra lehen faseko partidak jokatuko dituzte, Italia, Hegoafrika, Australia, Turkia eta AEBen aurka hurrenez hurren.
Paralinpiar Jokoetan Iparraldeko bi kirolarik ere parte hartuko dute: ostiralean ariko den Perle Bouge Avironeko arraunlaria, eta Sami El Gueddari igerilari angeluarra. Kirolari horiez gain, hiru euskal teknikari ere joango dira Londresera: Xabier Aymerich (Igeriketa), Marci Vazquez (Olinpiar tiroa) eta Santi Pesquera (Boccia). Saskibaloi epailerik ere egongo da: Juan Manuel Uruñuela arabarra, bere laugarren jokoetan.