SASKIBALOIA. EUROLIGA. LAUKO FINALA.

Gaur izan behar du

Sei urtean hiru final jokatzea. Marka ikusgarria lor dezake tau baskoniak euroligan. horretarako azken urteetan borrero izan duen taldea hartu beharko du menpean: Maccabi

Jon Rejado.
BERRIEMAILE BEREZIA
2006ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
CSKA, Panathinaikos... Asko dira azken urtetan Tauren aurka erori diren erraldoiak, gauza garrantzitsuak jokoan zeudela. Gainditu beharreko talde gutxi gelditzen zaio dagoeneko. Bakarra agian. Maccabi. Bi denboraldiz jarraian Lauko Finaletik kanpo utzi izan du Tau. Moskuko Lauko Finalean ere Baskonia hartu zuen menpean txapela jokoan zegoela. Tel Aviveko taldea da Pragako final handira heltzeko azken oztopoa. Aukera aparta du Tauk azken erraldoia, munstro horia, menpean hartzeko. Gaur izan behar du.

Partidaren izaera eta testuingurua alde batera utzita, ez zaio pizgarririk falta gaurkoari. Saskibaloiaren ikuspegi erromantikoa gustuko dutenek Jugoplastika dute buruan. Orain arte, eta Lauko Finala jokatzen denetik, hiru txapela jarraian lortu dituen bakarra da. Kukocek, Radjak, Ivanovicek, Perasovicek eta bestelako maisuek osatu zuten taldearen maila al du Maccabik? Tauk hori ez dela horrela frogatu beharko du gaur, baina ez da lan erraza izango. Israeldarrek ez dute Jugoplastikaren adorea, baina saskibaloian jokatzen badakite. Egiten duten saskibaloia, gainera, ez da ohikoa. Talde bitxitzat hartu izan da urtetan, eta Pini Gershon entrenatzaileak berak hori bermatu du. Saskibaloi talde handiek oinarrizko egituraketa dute jokoan, baina ematen du Maccabik ez duela hori behar. Sistemak izan baditu, baina denbora asko daramate elkarrekin eta erraza bihurtzen dute zaila dena. Ustezko askatasun hori gelditzeko giltza bakarra dago: Maccabik gustukoa ez duten erritmoa ezartzea. Dantzatzen ez duen musika inposatzea. Musika bizia izan daiteke lehen aukera, kontraerasoen bitartez saskiratze errazak lortu ahal izateko. Erritmo horretan defentsak eta erreboteak berebiziko garrantzia dute. Baloia eskuratzerako korrika egiteko aukera ona da Baskoniarentzat, Maccabik baino jokalari gehiago du-eta aulkian kantxa zapaltzeko prest.

Banakotasunetaz baliatu talde lana bermatzeko

Musika bizia ezartzerik ez badago erritmo lasaiagoak bilatu beharko ditu. Tangoa, adibidez. Baskoniako argentinarrek taldearen bizkarrezurra izan behar dute. Scolak eta Prigionik Euroligako bosteko onenaren baitan egoteko aukera asko dute, eta Maccabik horren berri badu. Perasovicek, ordea, aipatu bi jokalarietaz bikain baliatzen dakiela erakutsi du. Aurkariarengan sortzen duten ezinegonari esker, beste jokalariek jaurtiketa errazak lortzen dituzte.

Talde osoaren lana ezinbestekoa izango den arren, Erdoganek berebiziko garrantzia izan dezake. Taldearen baitan murgiltzen badaki, baina, egoera okerrenetan agertu izan da. Maccabiren kontra hori erabakigarria izan daiteke.Kantxan egongo den ikuskizunaz gain, harmailetan biziko dena ere ikustekoa izango da. Horiz jantzitako 9.000 lagun, Euskal Herritik heldutako 1.500en kontra. Hori gutxi balitz gaur Arabarren zaindariaren eguna da, San Prudentzio, eta erretreta entzungai izango dela jakina da. Pizgarri gehiago ezin da egon. Gaur izan behar du.

Lehen finalerdiko protagonisten iritziak





VELIMIR PERASOVIC (Tauko teknikaria)

«Gasteizen uste dena baino klub handiagoa bihurtu da Tau»





«Maccabik jokalari garrantzitsu asko ditu, eta bakar bat azpimarratzea akats bat litzateke. ACB Ligan galdutako partidek min egin digute, baina ez dute eraginik izango Lauko Finalean. Gasteizen uste dena baino klub handiagoa bihurtu da Tau. Gasteizko 1.500 jarraitzaile izatea Tel Aviveko 9.000 izatea baino gehiago da».



ANTHONY PARKER (Maccabiko kapitaina)

«Ez dut uste beste taldeekiko inolako abantailarik dugunik»





«Nire ustez lau taldeentzat gauzarik garrantzitsuena hemen egotea da, Lauko Finalean. Finalerdia gaindituz gero finalean pentsatzeko aukera izango dugu. Ez dut uste beste taldeekiko inolako abantailarik dugunik. Eskarmentu handiko jokalariak eta entrenatzaileak daude talde guztietan, eta asteburu gogoangarria izango da».

PINI GERSHON (Maccabiko teknikaria)

«Denboraldi hau aurreko biak baino gogorragoa izan da»





«Denboraldi hau aurreko biak baino gogorragoa izan da. Dena den Pragara heldu gara txapeldun bezala, eta horrek sentimendu berezia sortzen du. Lehenik eta behin finalean sartu beharko dugu, oso talde gogorra menpean hartuz. Ez da erraza izango. 10.000 lagunen babesa izateak mesede eta kalte egin dezake».

LUIS SCOLA (Tauko kapitaina)

«Arriskutsua da lehen partida jokatu gabe finala buruan izatea»





«Pozik nago Lauko Finalean berriro egoteaz. Gasteiz hiri txikia da, baina Tau, urtero urtero, handitu egin da lehen mailako taldea bihurtu arte. Berrogei minutu ditugu Maccabiren aurka, eta lan eskerga egin beharko dugu finalean egon ahal izateko. Arriskutsua da lehen partida jokatu gabe finala buruan izatea».

Izarrak, kantxan eta harmailan





Kantxan beste izar izango dira Sazka Arenako harmailetan. Sabonis, Berkowitz, Epi eta Pittis, besteak beste, izango dira Pragan Lauko Finalaz gozatu ahal izateko.

Ehunka hedabide Pragan





Lauko Finalak pizten duen ikusmina izugarria da. 42 herrialdetako 900 kazetarik eskatu dute akreditazioa, eta txapelketa 120 herrialdetan emango da telebistaz.

NBAko begiak, Europan





NBAko kanporaketak jokatzen ari diren arren, bertako talde gehienek begiraleak izango dituzte, Isiah Thomas, Chris Mullin eta Anicet Lavodrama bera kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.