Joxean Olaskoaga 'Aizperro'. Portugaleteko entrenatzailea

«Gaur lan ona egiten ez duenak jai dauka bihar»

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Portugaletek ez du San Miguel ligara igotzea beste helbururik, eta indartsu ikusten du taldea entrenatzaileak, Joxean Olaskoaga Aizperro-k (Orio, Gipuzkoa, 1974).

Zer moduz heldu da Portugalete kanporaketara?

Denboraldiko sasoi puntu onenean gaude, eta oso motibatuta. Arraunketa sendotzen ari gara, eta momentu onean gaude.

Zer esango zenuke aurkariei buruz?

Denak dira arriskutsuak. Akaso, galiziarrak dira arrisku txikiena dutenak, baina besteen artean, edozeinek egin dezake lan handia: Oriok estropada ona egin zuen Kontxara sailkatzeko egunean, Camargo oso indartsu dabil azkenaldian, eta Zierbenak zer egin dezakeen ere ederki dakigu.

Orio kanporaketetan izateak aldatu egiten al du gauza?

Beti aldatzen da egoera. Azken batean, traineru bat gehiago da kanporaketan, eta saria izango duten postuak ez dira gehitzen. Horrek esan nahi du aukera gutxiago daudela, baina TKE ligak hala erabaki du, eta horren aurka ezin dugu ezer egin.

Jende guztia zuei begira dago, faborito handiak zarete. Presioa nabari al duzue taldearen barruan?

Nabaritzen dugu, baina geuk geure buruari jarritakoa da, denboraldiaren hasieran igotzeko helburua jarri genuelako.

Itsaso txarra eta haizea dago iragarrita. Kezkatuta alde horretatik?

Ez dit asko axola. Egia da denboraldiaren hasieran ez ginela ondo moldatu itsasoan, baina, gero, asko jarri gara. Gaur egin behar da lan ona, alde handiak gaur izango dira. Gaur lan ona egiten ez duenak jai dauka bihar.

Ez igotzea porrota al litzateke?

Porrota ez, baina kolpe handia bai. Apustu handia egin dugu, eta ea ondo ateratzen den.

Igo ezean, egitasmoa hautsi egingo litzateke?

Ez, ez. Segitu egin behar luke, baina urtebeteko atzerapenarekin. Datorren urtean San Miguel ligan ibili nahi dugu, eta, gero, gorantz egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.