SOKATIRA

Gaztedik bi urre eta brontze bat irabazi ditu Munduko Txapelketan

Laukizko (Bizkaia) taldea txapeldun izan da emakumezkoen 500 kiloko mailan, eta lehen eta hirugarren gizonezkoen 560 kilokoan.

Gaztediko tiralatzaileak, pozarren, 500 kiloko mailako finala irabazi berritan. LUR GIL
Julen Etxeberria.
2021eko irailaren 16a
17:01
Entzun

Hasi da lehia Getxon (Bizkaia) Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketan. Bikain hasi ere. Euskal tiratzaileek hiru domina irabazi dituzte taldekako lehiako lehen jardunaldian. Gaztedik eskuratu ditu guztiak. Laukizko (Bizkaia) taldeak urrezko domina irabazi du emakumezkoen 500 kiloko mailan eta gizonezkoen 560 kilokoan. Azken maila horretan brontzezkoa ere lortu du Gaztedi B-k.

Emakumezkoak Bedford Ladies Ingalaterrako taldeari nagusitu zaizkio finalean. Sinsentzat (Suitza) izan da brontzezko domina. Gaztedi A-k, berriz, Sins hartu du mendean finalean. Gaztedi B, berriz, Mosnangi (Suitza) gailendu zaio hirugarren eta laugarren posturako lehian.

Goizeko jardunaldia ez da horren emankorra izan. Gizonezkoen 680 kiloko mailan, Getxo ez da sailkatu finalerdietarako. Eberseckenek irabazi du urrezko domina (Suitza), Heurek zilarrezkoa (Herbehereak) eta Allgau Power Zellek brontzezkoa (Alemania). 580 kiloko mistoan ere ez Gaztedi ezta Mutriku ere ez dira sailkatu dominen lehiarako. Allgau Power Zell nagusitu da, Perugia (Italia) izan da bigarren, eta Valleitrekkers hirugarren (Herbehereak).

Ostiralean taldekako azken jardunaldia jokatu da, goizez (09:30) eta arratsaldez (13:30). Gizonezkoen 720 kilokoa jokatuko da lehenbizi, baina maila horretan ez dago euskal ordezkaririk. Bai, ordea, bigarrengoan, 23 urtetik beherako gizonezkoen 600 kilokoan. Hiru talde ariko dira: Powerrangers (Flandria), Dietenbach (Alemania) eta Goiherri (Erandio, Bizkaia). Euskal tiratzaileek aukera ona dute urrea irabazteko.

Arratsaldean, berriz, gizonezkoak 640 kilokoan ariko dira. Bost euskal talde izango dira lehian: Gaztedi , Getxo, Goiherri A eta B eta Mutriku (Gipuzkoa). Jarraian, emakumezkoak ariko dira 540 kilokoan. Gaztedi izango da euskal talde bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.