Iraupena. 61.20.
Pilotakadak. 483.
Saketik. Berasaluzek bat; Ezkurdiak alerik ere ez.
Markagailua. 1-3, 2-4, 3-4, 4-5, 5-6, 6-7, 7-7, 10-8, 11-8, 16-9, 17-10, 18-11, 19-11, 19-12 eta 22-12.
Bestelakoak. Oso ikusle gutxi Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 300 inguru.
Berasaluze VIII.ak Bilboko Aste Nagusian murgildu zen atzo. Aurrelaria bikain jokatzen ari da udan, eta joko eta emaitza bolada luzatu zuen Bizkaia pilotalekuan. Haren alboan, Jon Ander Albisu, oso serio eta oparirik egin gabe, Aitor Zubieta baino gehiago izan zen, eta aurrelariak ondo baliatu zuen kidearen lana. Guztira, hamabi tanto egin zituen. Parean ustekabeko aurkaria zuen, Joseba Ezkurdia aritu baitzen, Xalaren ordez, eta Arbizukoak erremate ikastaro polita jaso zuen beteranoarengandik. Asegarcekoek lorturiko lehen puntua izan zen, eta bihar Olaizola II.aren eta Beginoren aurka jokatuko dute.
Partidak hasiera orekatu eta polita izan zuen. Ezkurdia ez zen ezkutatu, eta aurre egin zion Berasaluzeri. Beteranoa motzean jokatzen saiatu zenean Ezkurdiak enbidoa jo zion, eta, gehienetan galtzaile irten arren, tanto onak egin zituen. 16-10ekoan txokora jotako bolea, adibidez. Lehen tantoetako kolpe trukaketa markagailuak erakutsi zuen (6-7).
Orduan agertu zen Berasaluzeren magia, eta haren eskutik 10-2ko partziala (16-9). Saketik hasi zuen tanto sorta, eta sake-erremate batekin luzatu. Gero etorri ziren txapa gainean mozturikoak, gantxoak eta sake-erremate gehiago. Zubietaren errestoak bikain baliatu zituen, partidako azken bi tantoak ere hala lortu zituelako. Etxarriko atzelariak ondo jokatu zuen. Hiru huts baino ez, baina hirurak oso une txarretan iritsi ziren.
Ezkurdiak bere maila erakusteko aukera ona zuen, eta partida aldapa gora zegoen arren, ez zuen amore eman. Berasaluzeren bila jarraitu zuen, eta emaitza atondu zuen, baina ezer gutxi gehiago. Berasaluze hain gertutik ikusita ikasitakoak emaitza baino altxor hobea izan ziren atzo.
Txapeldunak, estu
Titin III.a-Merino II.ak eta Irujo-Barriolak Bilboko torneoko B multzoko bigarren partida jokatuko dute gaur (18:30). Lehen partida galdu ondoren, Binakako txapeldunak irabaztera behartuta daude finalean sartzeko aukera izateko. Irujo-Barriolarentzat, berriz, lehen partida da.
Berasaluze VIII-Albisu 22. Ezkurdia-Zubieta 12
Gazteen irakasle
Pablo Berasaluzek bolada ona luzatu du, eta bere erremateekin lorturiko 10-2ko partzialak erabaki du partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu