Espainiako Liga. Euskal taldeak: Reala. Xabi Prieto. Realeko jokalaria

«Gazteen mailarekin txundituta gelditu naiz»

Realeko lehen taldean egingo duen bederatzigarren denboraldiari ekitera doa. Duen eskarmentuagatik eta talentuagatik, funtsezkoa izaten jarraituko du.

Donostia
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ezin denen gustukoa izan. Artista guztiei gertatzen zaie. Baita hegalekoari ere. Batzuetan hotza, hotzegia, publikoa sutan jartzeraino. Gehienetan, fina, zehatza, batez ere, erabakigarria. Horregatik izango da beste urte betez taldeko erreferentzia nagusia erasoan. Dioenez, Montanierrek aldagela barruan emandako aginduak zelaian betetzeko arazorik ez dute izango. Begiak irekita, salbazioa ikusten du. Itxita, berriz, Europa. Aurten ez, noski. Bai, hemendik gutxira. Baikor dago. Gazteek dute horren kulpa. Montanierrez gain, donostiarra ere liluratuta geratu baita haiek erakutsitakoarekin.

Atletico Madrilen kontrakoa ate joka dago. Nola jakin, ordea, taldea lehiatzeko prest ote dagoen?

Uste dut aurretik izandako irudipenak garrantzitsuak direla. Esaten da denboraldi-aurreko emaitzek ez dutela ezertarako balio, baina hori ez da beti horrela izaten. Cataniari irabaztea garrantzitsua izan da guretzat konfiantza hartzeko, eta ongi iristen gara lehen partidara. Irabazten hasteak beste indar bat ematen dizu. Ea hori lortzeko gai garen.

Joko sistema berri batean hasiko zarete. Bestelako proposamen batekin zelaian. Hori bai, sistema askotan moldatzeaez al da ezinbestekoa gaur egungo futbolean aurkariak planteaturiko zailtasunei aurre egiteko?

Jokalariok ohituta gaude era batera edo bestera moldatzen, sistema askotan jokatzera. Montanierrek nahi duenera, haren asmoetara ari gara egokitzen, eta ez dugu horretarako arazorik izango.

Hori galdetu dizut, Llorentek oso garbi azaldu duelako: «Joan den urtean, gure alternatiba bakarra, zenbait unetan, Prietori baloia ematea zen, hark zerbait asma zezan». Alternatiba gehiago izan behar al dute, ala zure sistemari zenbat eta errentagarritasun handiago atera orduan eta hobeto?

Gehiagotan izaten dugu baloia aurrean mugitzen garenok, eta horrek parte hartzeko, gauza gehiago egiteko, aukera ematen digu. Gure ardura da. Horregatik izendatzen gaituzte sarriagotan, nahiz horrek ez duen ezer esan nahi. Niretzat, zenbat eta alternatiba gehiago izan, orduan eta hobeto, aurkaria ezustean harrapatzeko modua izango duzulako.

Etxetik kanpo, gabezia handiak iaz. Benetan pattal. Denborak ematen duen ikuspuntuarekin, zerk egin zuen kale?

Momentu askotan pentsatu dut horretan, buelta asko eman dizkiogu. Zergatik hainbeste arazo? Ez da erraza erantzun bat ematea, arrazoi bat baino gehiago egon baitzen. Beharbada, buruak egin zigun huts, guk nahi baino gehiagotan.

Besteak beste, geldikako jokaldiek, estrategiak, sortu zizueten buruko mina. Hori izan al da gehien landu duzuena?

Ez bereziki, baina egia da zer hobetua badugula. Lantzen ari gara, eta hala jarraituko dugu prestaketa partida hauetan golak jaso baititugu. Arlo garrantzitsua da.

Denoueix ezagutu zenuen, hasi berria zinela. Haren eskolako bat etorri da orain. Antzik ba al dute metodologian?

Antzekoak dira, bai, lan egiteko moduan, baina, batez ere, izaeran. Montanier gazteago heldu da, eta ezagun du orain gutxi arte jokatzen egon dela.

Gazteen inguruan luze hitz egin da aurreko aste hauetan. Onerako, gainera. Horren indartsu al datoz?

Bai, oso. Jokalari gazte asko igo da, eta oso maila ona eman dute. Gauzak diren moduan. Ea denboraldian aurreikuspen horiek betetzeko modua duten.

Harritu zaitu edo atentzioa eman dizu haien mailak?

Harritu harritu ez, baina ez nuen espero hain ongi ikusiko nituenik. Txundituta geratu naiz.

Entrenatzaile berriaren lan moldea baliagarri izango zaielakoan zaude?

Bai. Garrantzi handia ematen die arlo guztiei: teknikoa, fisikoa, taktikoa, burua… horiek guztiak jorratzen ditu; zehaztasunez, gainera. Jokalariarengandik gertu egoten diren horietakoa da, gainean; eta hori, hasiberrientzat bereziki, mesedegarria da oso. Ikasi eta zailtzeko tresna egokiak izango dituzte.

Fitxatu bakarra oraingoz. Indartu ezean, mailari eusteko lanak izango dituzuelako mezua zabaltzeak zentzurik ba al du? Dagoenarekin ez luke zertan arazorik izan behar?

Nekez ibiliko gara goiko postuetan, hori garbi esan behar da. Arazorik ez izatea gustatuko litzaiguke, denboraldi lasaia izatea, eta horretarako ari gara lanean.

Hankak lurrean izanik. Zein da helburua?

Aurreneko mailan lurreratzea, egonkortzea, ahal bezain laster salbazioa lortzea, eta, pixkanaka-pixkanaka, gora egitea.

Begiak itxiz gero, zerekin egiten duzu amets?

Reala Europan ikustearekin. Badakit uneotan ia ezinezkoa dela, baina urte gutxi barru batek daki. Lor dezakegun zerbait da, oraingo bidetik jarraituz gero.

Kontratu luze bat sinatu nahi al duzu, zure ibilbideko azkena izan litekeena?

Hitzarmena amaitzeko bi urte geratzen zaizkit, baina bai, nire asmoa Realean jarraitzea da. Nire betiko taldean erretiroa hartu ahal izatea gauza handia da niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.