Telefonoaren bestaldean nekatuta antzematen zaio Arrateko entrenatzaile Julian Ruizi (Santander, Espainia, 1960). Nekatuta, edo triste akaso. Etsita, gutxienez, ez; ziur baitago taldeak egoera irauli eta maila mantentzeko kapaz izango dela. Zailtasun franko pairatu ditu azkenaldian, baina jokalarien jarduna etengabe babesten du. Bigarren itzulira begira, garaipen batekin hastea espero du.
Momentu egokia al da Ligako etenaldia egiteko?
Etena ondo datorkigu, azkenaldian porrot bat bestearen atzetik pilatzen ari ginelako. Azkenerako egoera kritiko baten murgilduta bukatu dugu. Hilabeteko atsedenaldia daukagu orain, eta ikusiko dugu hobetzeko gai garen; sentipenak eta ilusioa berreskuratzeko gauza. Batez ere lehenengo partida izango da garrantzitsua, Alcobendasen aurkakoa.
Atsedenaldia izan eta gero, gainera, Alcobendasen aurkako finala.
Gure dinamika partida horrekin haustea espero dut, ona izango litzateke. Esan bezala lehenengo partida izango da garrantzitsua; final kutsua dario: azken-aurrena azken-hirugarrenaren kontra.
Jaitsiera postuak puntu batera dituzue. Denboraldi hasieran hala egotea espero zenuen?
Ez nuen uste hain gaizki egongo ginenik. Lehen itzulian egindakoaren inguruan irakurketa asko egin daitezke, baina ez nuen espero hain gaizki egongo ginenik. Baina, tira, Alcobendasi irabazita hiru puntura utziko dugu; bestela kinka larrian egongo gara.
Aurretik dituzuenak lehian sartzea ere premiazkoa da.
Bai, baina hori bigarren pausoa litzateke. Lehenik, atzeko biekiko dugun aldea handitu behar dugu; eta gero gerokoak.
Zertan hobetu behar duzue?
Premiazkoa dugu erasoan hobetzea. Oro har, gustura nago defentsan egiten ari garen jokoarekin; baina erasoan oso gol gutxi egiten dugun taldea gara. Praktikan, gol gutxien sartu duen taldea gara. Baloi asko berreskuratzen ditugu, baina kontraerasoan pattal moldatzen gara.
Etxean eta kanpoan puntu berdinak atera dituzue.
Barneratzeko egoera zaila da. Ez dago dudarik taldea lasaiago dabilela etxetik kanpo, askoz presio gutxiago daukala. Egia esan, momentu askotan jokalariek ez dute behar adinako babesik jaso, eta hori ez dut gogoko; talde honi gauza asko kritikatu dakizkioke, baina jokalariak larrua utzi arte aritzen dira. Hori ezin da ezbaian jarri.
Denboraldian zehar askotan gehiago hitz egin da diru arazoez taldearen emaitzaz baino.
Egia da, eta eragin zuzena izan du. Halere, entrenatzaile gisa ez dut horri buruz hitz egin nahi, aitzakia besterik ez delako. Mailari eusteko buru-belarri ariko gara, eta diru arazoez ahalik eta gutxien hitz egin nahi dut.
Hala ere, ezin da ukatu egoera zaila dela.
Nabarmena da barruan gaudenok zerbait gaizki egiten dugula. Nabarmena da, bestalde, egoera ekonomikoak eragin handia duela. Baina garrantzitsuena presioa da. Jokalariek uste dute ez dutela zertan jasan behar hainbesteko presiorik; horrek diru arazoek baino gehiago eragiten du. Pistan gehiago larritzen gaitu sailkapeneko egoerak kontu korronteko egoerak baino.
Julian Ruiz. Arrateko entrenatzailea
«Gehiago larritzen gaitu sailkapenak kontu korronteak baino»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu