Futbola

Gehiegi barkatu du Athleticek eta 84. minutuan berdindu du Celtak

Zuri-gorriak okerren jokatzen ari zirenean, De Marcosek sartu du 0-1ekoa, 43. minutuan, eta bilbotarrek gol aukera argiak huts egin dituzte gero. 38 punturekin, beste garaipen bat beharko du oraindik.

unai zubeldia
2013ko maiatzaren 3a
15:33
Entzun

Celtari irabazi eta behingoz mailari eusteko erronka zeukaten Athleticek Vigon. Baina zuri-gorriek huts egin dute berriz ere. Bere txarrean, puntu bat gertuago dago mailari eusteko erronka —zazpi puntura jarraitzen dute jaitsiera postuek—, baina gol aukera asko huts egin dituzte zuri-gorriek. Lehen ordu laurdenean erabat nagusi izan zira Marcelo Bielsaren jokalariak, De Marcosek eta San Josek eskura izan dute 0-1ekoa; atzelariak langara bidali du burukada 12. minutuan. Athletic itzali egin da, ordea, berehala, eta Celtak ere gol aukera onak izan ditu lehen zati guztian, Alex Lopezena argiena, 35. minutuan, langara bidali zuelako burukada. Etxekoak gehien estutzen ari zirenean, 43. minutuan iritsi da Athleticen gola, Ekizak, Iturraspek, Adurizek eta De Marcosek lotutako jokaldian. Arabarrak amaiera bikaina eman dio jokaldiari.

0-1ekoarekin, estutuz hasi da Celta bigarren zatian, baina Adurizek bereziki 0-2koa lortzeko aukera paregabeak eduki ditu jarraian. 52. minutuan area txikian bertan erdi-erdira bidali du burukada, eta 66.ean huts egin ezin daitekeena huts egin du, Muniainen pasea jaso eta bultzatu besterik egin behar ez zuenean baloia kanpora bidalita. Aurretik Ibai Gomezek langara bidali du jaurtiketa. Hainbeste barkatuta, ordaindu egin dute gero zuri-gorriek. Bermejok eduki du aukera ona 78. minutuan, eta Iago Aspasek lortu du 84. minutuan 1-1ekoa. Baikortasunetik, puntua ez da txarra, baina beste garaipen bat beharko du Athleticek mailari eusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.