Bost partida zeramatzan Elxek etxean golik jaso gabe; bost partida Athleticek etxetik kanpo galdu gabe. Matematika kontuetan ez dago oso azkarra izan beharrik: 0-0ekoa zen partidako balizko emaitza bakarra. Bolada bakoitzari seigarrena gehituta, gozotik gehiago dauka Athleticen puntuak, Txapeldunen Ligarako borrokan, behin-behinean, bederatzi puntura urrundu duelako Sevilla. Elx, berriz, emaitzen arabera, jaitsiera postuetan sar daiteke jardunaldi honetan. Bi taldeentzat balekoa izan da puntua, baina, egindakoa eginda, gehiegizkoa ere bai, ziurrenik.
Jaitsieraren mamuak estututa, lotsagabe ekin dio Elxek partidari, eta hirugarren minuturako 1-0ekoa lortzeko zorian egon da Boakye. Eskuin hegaletik erdiraketa neurtua bidali du Rodriguesek, eta inor ez da gai izan baloia ukitzeko. Hurrengo jokaldian, berriz, zuri-gorriek baloi inozoa galdu dute zelai erdian, eta Corok ez du asmatu jaurtiketan. Lehen estutu horren ondoren, ez Elx eta ez Athletic, bietako inor ez da nagusitu jokoan, haizea baizik. Boladaka oso gogor jo du haizeak Alacant inguruan, eta jokalariek lanak izan dituzte bizpahiru pase jarraian emateko.
Ordu laurdena bete berritan iritsi da Athleticen lehen aukera. Herrerak zuzenean jaurti du Muniainek behartutako falta, eta Manu Herrera larri ibili da baloia kornerrera bidaltzeko. Hori bai, Boakyek eduki du, bigarrenez, aukera ona (26. min.). Eskuin hegaletik aurrelariari abantaila emanez egin du erdiraketa Rodriguesek, eta, San Joseri aurrea hartuta, oso gutxigatik bidali du baloia gora Elxeko aurrelariak —Balenziagak asko sufritu du atzean—.
Arautegiaren muga-mugan, Elxek faltaz josi du zelai erdia, eta horietako batean, lehen zatia amaitzear zela, arrisku handia sortzeko zorian egon da De Marcos. Lo hartu dute etxeko jokalariek, eta oso bizi ibili da Iraola, falta azkar aterata. Atzelariak ez du asmatu, ordea —Iraolak De Marcosen aurretik jokatu du denbora gehienean—. Jokorik gabe eta falta askorekin amaitu da lehen zatia. Oso bero.
Herrerari bosgarren txartela
Eta antzera hasi da bigarrena ere. Epaileak baimenduta, falta asko egin dituzte bi taldeek, eta horietako batean epaileak txartel horia atera dio Herrerari. Ondorioa? Larunbatean ezingo du jokatu Atletico Madrilen aurka. Bigarren zatian iritsi dira aukerarik argienak, Aduriz, Cristian Herrera, Cisma eta Pelegrinen eskutik. 64. minutuan partidako pase sakon bakarra bidali dio Muniainek donostiarrari, eta oso gutxigatik ez da iritsi baloia kontrolatzera, area barruan bertan.
72. minutuan Cristian Herrerak jaso du baloia area barruan, eta Laportek desbideratu du kornerrera. 81.ean, korner batean, area txikian bertan egin du Cismak errematea, buruz. Eta azken jokaldian, aurrekoaren berdinean, Pelegrinik bidali du baloia kanpora. 0-0, eta gehiegizko puntu banaketa.