Bizkaia Gernikak eta Ampo Ordiziak euskal derbia jokatuko dute bihar, Gernikako Urbieta zelaian (12:30). Liga erregularreko azken jardunaldia da, eta bi taldeek egungo postuak hobetzea dute helburu. Horretarako, baina, irabazteaz gain beste talde batek kale egitea behar dute. Getxok ere bihar jokatuko du, Alcobendasen zelaian (13:00). Getxoztarren helburua seigarren postuari eustea da, kanporaketetako txartela ematen duen azkena.
Ordiziak eta Gernikak pauso bat eman dute atzera liga bukaeran, eta derbian euren egoera konpontzeko azken aukera dute. Ordiziak liga lehen edo bigarren postuan bukatzeko aukera izan du, baina iragan astean Quesos Entrepinaresen aurka galdu ondoren, hirugarren da, Santboianarengandik hiru puntura. Bigarren izatea garrantzitsua da gipuzkoarrentzat, finalerdietan zuzenean sartzeaz gain, heldu den astean jokatuko duten Kopako finalaren ondoren atseden hartzeko aukera emango liekeelako. Horretarako, irabazteaz gain, Santboiana bigarren sailkatuak La Vila laugarrenaren zelaian galtzea behar dute.
Gernikak, berriz, kontrako emaitza behar du, La Vila baita bere aurkaria. Laugarren izateak final-laurdenetako itzuliko partida etxean jokatzea ziurtatzen du. Bestalde, Getxok ere kanporaketak begiz jota ditu, seigarren baita, etabi puntuko aldea du El Salvadorrekiko. Alcobendas azken sailkatua da eta ia oso zail du postu horretatik irtetea.
Hernani, oso gertu
Bera Berak eta Hernanik Ohorezko Mailara igotzeko aurre kanporaketaren itzuliko partida jokatuko dute gaur Donostiako Anoetako errugbi zelaian (17:00). Hernaniarrek abantaila polita dute, joanekoan 35-20 irabazi zutelako etxean. Kanporaketan aurrera egiten duen taldeak beste bat jokatu beharko Ohorezko Mailako azken sailkatuaren aurka, ziur asko, Alcobendas. Lehen Mailako talde kopurua hamabi handitu nahi izateak eragin du ezohiko kanporaketa sistema.
Gernikak eta Ampo Ordiziak derbia jokatuko dute bihar
Bizkaitarrek liga laugarren postuan bukatzea dute helburu, eta gipuzkoarrek bigarrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu