Geldiezina da Emma Pooley (AA Drink). Bizikleta gainean jartzen denean gozatu egiten du, eta atzo igarri zitzaion hori, Emakumeen Birako bigarren etapan. Txirrindulari guztiak haren gurpilaren usainean ibili ziren, baina ezer gutxirako balio izan zien horrek. Izan ere, Pooley ingelesak ez zuen barkatu, eta bakarrik helmugaratu zen Lekeition. Atzetik aurrera egin, erakustaldia eman eta bi txori harrapatu zituen tiro batez: lasterketa eta lidergoa. Ingelesa zen aldez aurretik faborito nagusia —Durango-Durango klasikoan aise gailendu zelako—, eta atzo erakutsi zuen zergatik. Gerorako lanik utzi gabe, lehenengo postua bereganatu du, eta zaila izango dute beste ziklistek maillota kentzea.
Etapa zoragarria izan zen, ibilbideak eskatzen zuen bezalakoa. Lehenengo kilometroetatik izan ziren erasoak, Greenedge taldekoak protagonista zirela. Linda Villumsen ausartu zen aurrena aurrera egiten, eta haren ahaleginari esker hamahiru laguneko ihesaldia osatu zen. Minutu eta erdiren aldea ere eduki zuten, baina tropelak kontrolpean izan zuen une oro lasterketa.
Nahi baino gutxiago iraun zien itxaropenak iheslariei, tropelak ez baitzuen barkatu. Ordea, batzuk harrapatu orduko beste batzuek jo zuten erasoa. Sei ziklistak apustu sendoa egin zuten, eta ongi atera zitzaien. Izarrak, baina, distira egin zuen, eta ezerezean geratu zen sei lagun horien joa. Azken igoeran Pooleyk jo zuen erasoa tropelean, eta bakar-bakarrik pasatu zituen denak. Lekeition bakarrik helmugaratu zen, eta 20 segundora heldu zen Annemiek Van Vleuten bigarrena, Trixi Worrack (Specialized) hirugarrenarekin batera.
Erlojupekoa izango dute gaur, 13,4 kilometrokoa. Orduñan hasi eta bukatuko da. Pooley bera da faborito nagusia.
Gerorako ez du lanik utzi
Emma Pooleyk erakustaldia emanda irabazi du Emakumeen Birako bigarren etapa, eta lider jarri da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu