Gasteizko emaitza bikaina tranpolin gisa erabili nahi du Gescrap Bizkaiak. Baskonia menderatzea beti da zaila, are gehiago haren etxean, eta Euroligan, eta bolada txarra bukatzen lagundu behar du. Nola? Garaipen bolada on bati hasiera emanda. Hamaika partida geratzen zaizkio Katsikarisen taldeari urtea bukatu arte. Denak ez ditu irabaziko, noski, baina zazpi edo zortzi irabaztea marka ona litzateke. Bat lortu du, eta bigarrena gaur lor dezake (20:00). Bederatzitik bost geratuko litzaizkioke.
Cajasol sailkapeneko seigarren postuan dago, baina irabazi dituen partida denak etxean irabazi ditu, Bizkaiak bezalatsu joan den asteazkena arte. Egiari zor, aurkari handien aurka galdu ditu bi: Baskonia eta Real Madril. Hirugarrena Murtziaren aurka. Atarikoan, Cajasoleko hiru jokalari arriskutsu dituela esan zuen entrenatzaileak: «Luka Bogdanovic, English eta Txemi Urtasun. Taldeko termometroak dira, jokalari apartak, baina irregularrak ere bai. Hirurei asmatzen baimentzen badiegu, jai dugu, eta defentsa zorrotza egin behar diegu, ezinbestean».
Cajasolen lehen presio lerroa sendoa omen da: «Etekin handia ateratzen diote dohain horri, baloia askotan berreskuratuz eta saskiratze errazak lortuz. Erne ibili behar dugu». Katsikarisi Paul Davisen jardunaz ez ote zen ahaztu galdetu zioten, eta honatx haren erantzuna: «Ez naiz ahaztu, baina Teletovicen antzeko kasua da harena. Oso jokalari ona da, baliabide aberatsekoa, eta gu saiatuta ere, bere zenbakiak lortuko ditu. Hori bai, ez gaitu jokalari batek bakarrik irabaziko».
Raul Lopezen bihurrituaren inguruan, lesioa espero baino arinagoa dela esan zuen Katsikarisek: «Horrek ez du esan nahi ziur jokatu egingo duenik. Asteazkenean partida garrantzitsua daukagu Atenasen, eta han haren parte hartzea lagungarriagoa izan liteke guretzat». Medikuek esan diotenez, Viceko jokalaria jokatzeko moduan dago, baina jokatzen ez badu, azkarrago eta hobeto osa daiteke antolatzailea.
Gescrap Bizkaiak gaur Cajasoli irabaziz hasi nahi du urteko azken txanpa
Lau partida irabazi ditu Sevillako taldeak, denak etxean; Bizkaia zortzi onenen artean sartuko da agian, irabazten badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu