Getafen aurreneko aldiz irabazi gura du Athleticek

Alfonso Perez estadioa jokaleku txarra da zuri-gorrientzat, baina Michelen taldea krisian dago

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Athleticek Europako borrokatik kanpo utzi gura du Getafe. Denboraldia helburu beretsuekin hasi zuten talde biek. Bien nahia zen sasoi bukaeran sei onenen artean egotea. Eta txapelketaren bi herenak jokatu ostean, bi taldeak daude aukerekin. Hori bai, zuri-gorriek gertuago dute helburua. Athleticek Getafek baino zortzi puntu gehiago ditu. Alde ona da, baina ez erabakigarria. Horren haritik, biharko norgehiagokak gauza asko argi ditzazke. Etxeko taldeak hiru puntuak eskuratuz gero, bete-betean sartuko da Europako Ligarako aukera lortzeko borrokan. Baina, galduz gero, nekez harrapatuko du Athletic jokatzeko falta diren azken hamar jardunaldietan. Beraz, 28. jardunaldiko azken norgehiagokan asko izango du jokoan talde zuri-gorriak.

Ez da erraza partidan zer gertatuko den jakitea. Bi taldeen estatistikak aztertuz gero, era guztietako interpretazioak egin daitezke. Getaferen estadioa ez da jokaleku proposa Athleticentzat. Alfonso Perez futbol zelaian jokatu dituen sei partidetatik ez du bakar bat ere irabazi. Hiru berdinketa eta beste hiru porrot da zuri-gorriek zelai horretan duten balantzea. Lehen Mailako zelaien artean irabazterik lortu ez duen bakarra da. Ia beti, gainera, txarto jokatu dute zuri-gorriek. «Ez da zelai aproposa. Gauza arraroak gertatu zaizkigu zelai horretan», adierazi zuen atzo Igor Gabilondok.

Bistan da bai estatistikek bai sentsazioek Athleticen kontra egiten dutela Getafe aurrean dagoenean. Baina Michelek zuzentzen duen taldeak ere badauka zertaz kezkatu. Getaferen gaur egungo bolada txarra baino gehiago, krisi sakona baita. Jokatu dituen azken 11 partidetatik bakarra irabazi du. Jokoan egon diren azken 33 puntuetatik zazpi baino ez ditu eskuratu. Nahi eta ezin ari da. Gauzak ondo egiten dituenean edozeini aurre egiteko gai den taldea da Getafe. Baina egoera okertzen denean, asko kostatzen zaio aurrera egitea. Besteak beste, ez duelako jarraitzaileen babesik izaten. Getafe zale gutxi duen taldea da. Gehienetan Alfonso Perez estadioko harmailak erdi hutsik egoten dira. Eta horrek ez dio taldeari asko laguntzen. Beraz, normalean giro hotza egoten den futbol zelai batean astelehenean jokatzea etsigarria izan daiteke. Bi taldeetako entrenatzaileen aginduak entzun egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.