Getaria-Tolosako arraunlariek irabazi zuten atzo, Zarauzko uretan, arrauneko emakumeen Euskotren liga. Gogor aritu behar izan zuten, Galiziako taldea hurbil zutelako eta paretsu ibili zirelako estropada guztian; baina, azkenean, indar guztiak ahaleginean utzita, estropada eta liga irabaztea lortu zuten gipuzkoarrek.
Larunbatean bi segundoren aldea atera zieten galiziarrei, baina hori ez zen aski lehia erabakita uzteko. Gainera, askoren buruan zebilen Espainiako Txapelketan Galiziak emandako astindua eta horrek eragindako kezka. Baina atzo Getaria-Tolosako neskek ez zuten hutsik egin, eta itzuleran galiziarrak oso hurbil bazituzten ere, traineru baten aldeaz irabaztea lortu zuten.
Zumaiak eta Pasai Donibanek lehiaketa hasterako jakin bazekiten Getaria-Tolosakoei eta Galiziakoei aurrea hartzeko ia aukerarik ez zutela, eta halaxe gertatu zen. Ahalik eta estropada onena egiten saiatu ziren bi talde horiek, eta duin bete zuten beren lana. Zumaia izan zen hirugarren, 21 segundora, eta Pasai Donibane azkena, minutu erdira.