Getaria eta Kaiku izango dira Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatuko duten KAE 1 ligako bi taldeak. Gaur jokatu dute ligako azken jardunaldia Bilbon; Getariak eskura zuen kanporaketarako aukera bat, baina ez zegoen argi nork eskuratuko zuen bestea. Izan ere, puntuetan berdinduta heldu dira gaurko estropadara Kaiku eta Pedreña.
Erlojupekoan, ordea, hegan egin du Bizkaitarrak, eta ez dute aukerarik izan kantabriarrek; hamasei segundo gehiago behar izan dituzte lanak amaitzeko. Denboraldiko bosgarren bandera astindu du Kaikuk, eta laugarren izan da Pedreña, Getariaren eta Arkoteren atzetik.
Gauzak hala, amaitu da KAE 1 liga eta Getariak ospatu du garaipena. Ikusteko dago aste batzuk barru igoera ere ospatu ahal izango ote duten. Bost ontzi lehiatuko dira kanporaketan: Getaria eta Kaiku, Eusko Label ligako azken-bigarren sailkatua (ziurrenik Tiran), eta Galiziako Ligako lehen bi sailkatuak, Samertolameu eta Bueu. Haietako bi izango dira datorren urtean goi mailan.
Txapeldunak! #Getaria #4 pic.twitter.com/rFEP7hnm0U
— Jon Ander (@delarregi) August 22, 2021
KAE 2 ligara jaitsiko dira ziur azken bi sailkatuak, Astillero eta Lapurdi, eta ez jaisteko kanporaketa jokatuko dute Camargok eta Castrok. Han parean izango dituzte Portugalete eta Hondarribia B, KAE 2 ligako bigarren eta hirugarren sailkatuak. Igoera eskuratu du jada Busturialdeak.