Gezurrezkoen ostean, benetako partida

Athleticek hiru puntuak behar ditu atzean ez gelditzeko; galduz gero, historiako bolada txarrena litzateke

haritz gallastegi
2008ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Astea luzea izan da oso Athleticentzat.Zuzendaritzatik eta aldagelatik lasaitasuna igortzen ahalegindu dira. Lortu dute. Ez da aparteko eztabaidarik egon. Baina horrek ez du esan gura Athleticen krisiaren gainean hitz egin ez denik. Era guztietako gauzak entzun dira, baina bi ideia nagusitu dira: batetik, talde nagusiko inor ez dela ausartu zuri-gorrien gaitzen zergatiak azaltzen. Beharbada asko direlako. Beharbada guztiek daukatelako zer hobetu. Atzealdean, zelai erdian eta aurrean baitituzte gabeziak. Zuri-gorriek ez dute orekarik erakutsi.

Zertan hobetu behar den esan ez arren, nabarmen hobetu behar dela azpimarratu dute jokalariek. Ez direla ondo ari onartzea baita krisitik irtetzeko egin behar den lehen urratsa. Denborarik galdu gabe hasi behar dira okerrak zuzentzen. Gaur. Mallorcan. Ono Estadin. Hiru puntuak irabaztea baino ez du balio. Horrela daude gauzak Athleticen. Memento «erabakigarrian» daudela adierazi zuen Joseba Etxeberriak. Bada, kapitainak esaten badu..., kaso egin beharko zaio. Zer den Etxeberriari kaso egitea? Mallorca mendean hartzea. Zer egin behar den Gregorio Manzanoren taldea mendean hartzeko? Talde gisa lan egin. Ono Estadikoa benetako norgehiagoka izango baita. Azken laurak gezurretakoak izan baitziren. Sevillaren aurkako neurketa negargarria alde batera utzita, gainerako hiruretan itxura ona eman zuen Athleticek. Gehiago merezi zuen ustea utzi zuen jarraitzaileen artean. Eta seguruenik ez zuen puntu bakar bat eskuratzeko aukerarik izan. Aurkariek utzi ziotena egin zuen. Bartzelonak, Real Madrilek eta Vila-realek gehiago egiteko premia izan balute aukera izango zutela zirudien. Behar zituzten golak sartzeko gai izan ez balira, Athletici ez zioten utziko eroso jokatzen. Ez zegoen zereginik.

Gertatutakoa Caparrosen errua izan zen neurri handi batean. Teknikariak zelairatutako hamaikakoak erabat baldintzatu baititzituen partidak. Euskarrian egon zen Athleticen oreka gabeziaren giltza. Orbaiz eta Yeste talentu handiko futbolariak dira, baina ezin dezakete elkarrekin joka. Neurketa askotan ez, behintzat. Atzean sartzen diren taldeen aurka aritzeko bikote egokia izan daiteke. Baina egun oso talde gutxik egiten dute atzera zuri-gorrien aurka. Oreka falta zaio Athletici. Eta oreka euskarriek ematen dute. Caparrosek badu non aukeratu egoerari buelta emateko. Gurpegi eta Javi Martinez egokiak dira lanerako. Orbaiz eta Yeste, berriz, baloia azkar mugitzeko. Aproposena Orbaiz eta Martinez edo Gurpegi zelairatzea litzateke. Ono Estadin hirurek batera joka dezakete. Baina Andosillakoa erdiko atzelari gisa ari daiteke. Izan ere, Amorebieta lesionatuta dago, eta aste guztian probak egiten aritu da entrenatzailea. Berez, Ustaritz da taldeko hirugarren zentrala, baina abadiñoarra kili-kolo egon da asteon. Asteartean min hartu zuen sabelaren atzealdean, eta egun bitan entrenatu ezinda egon da. Hala ere, duena erakusteko aukera paregabea duela ohartu da, eta jokatzeko gogoa erakutsi du. Azken egun bietan ondo entrenatu da, eta titular izan daiteke.

Zelai erdian eta erasoan ere egon daitezke berritasunak. Euskarrian Javi Martinezek jokatuko duela dirudi. Nafarra gogotsu dago. Athleticek fitxatu zuenetik ohikoa izan da hamaikakoetan, baina azken jardunaldietan protagonismoa galdu du. Taldeak behar dituen kilometro guztiak egiteko prest dago, baina baloiaren jabe denean gauza gehiago egiten ikasi behar du. Lortzen badu, oso futbolari ona izango da.

Euskarri aldaketak aurrean izan dezake eragina. Litekeena da Yeste bere ohiko postura bueltatzea. Jokatu behar duen lekura, alegia. Erdilari aurreratu gisa izango duelako defentsako lanean erlaxatu eta baloiaren jabe denean arriskatzeko askatasuna. Baina horretarako jokatu egin behar du. Etxeberria ere Llorenteren ondoan aritzeko prest baitago. Azken bi jardunaldietan gol bi sartu ditu elgoibartarrak. Ez dago partida guztia jokatzeko moduan, baina zelaian dagoenean beti lortzen du taldearentzat onura ateratzea. Oso jokalari arriskutsua da oraindik ere. Zerrendari dagokionez, aspaldiko partez aukeratuen artean sartu du Caparrosek Iturraspe gaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.