erresuma batua

Giggsek ere ez du abesten ereserkia

Kirolari galestar eta eskoziar batzuek Erresuma Batuko kanta ez abesteak polemika eragin du.

2012ko abuztuaren 1a
11:07
Entzun

Galesko eta Eskoziako hainbat kirolari ez dira abesten ari Erresuma Batuko ereserkia partiden edo saioen aurretik, eta horrek polemika eragin du han. Ryan Giggs galestarra da horietako bat, Erresuma Batuko futbol selekzioko kapitaina.

38 urte ditu hark, eta 21 urte daramatza Manchester United taldean. Ingalaterrako Ligako jokalaririk ezagunenetakoa da, beraz. Giggsek Erresuma Batuko ereserkia ez kantatzeak oihartzun handia izan du. Haren arabera, kanta hori —God save the Queen— gehiago da Ingalaterrakoa Erresuma Batukoa baino, eta ez abestea erabaki du.

Galesko selekzioaren lehen bi partidetan Craig Bellamy, Joe Allen, Aaron Ramsey eta Neil Taylor jokalari galestarrak ere abestu barik geratu dira. Gaur taldeak Galesko hiriburuan izango du neurketa —Cardiff-en—, eta Giggsek jarraitzaileei eskatu die errespeta dezatela ereserkia. Gauza bera egin du Bellamy Liverpooleko jokalariak: "Gehienez ere pare bat minutu irauten du ereserkiaren uneak eta, zure kontrariorik txarrenarena izanda ere, isilik egon behar da eta errespetatu".

Giggsek aurreko asteetan esan du ohore handia dela beretzat Olinpiar Jokoetan parte hartzea, baina ez Erresuma Batua ordezkatzea.

FIFA eta UEFAk antolatutako txapelketetan Galesek, Eskoziak eta Ipar Irlandak selekzio propioarekin jokatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.