Suitza-Frantzia (2-5)

Gillotina

Astindu latza emanez sailkatu da Frantzia final-zortzirenetarako, Suitzak emandako erraztasunen laguntza ahaztu gabe.

Frantziak 2-5 irabazi dio Suitzari. PETER KLAUTZER / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 20a
23:24
Entzun

Frantzia Munduko Koparen atarian: ia inoren arreta bereganatu gabe. Txapelketa hastear zela, aurreneko argiak begira berari, Jamaicari 8-0 irabazi eta gero. Bai, Jamaica ez da ezer futbolean, baina arreta bere aldera jartzen hasi zen emaitza horrekin. Munduko Kopako lehen partida: Hondurasi 3-0. Badu ba zerbait Didier Deschamps baionarraren taldeak. Oraintxe, Suitzari sekulako astindua eman eta gero (2-5): txapelketa irabazteko hautagaien zerrendan da Frantzia.


Geroak zer marraztuko duen inork ez daki. Gaurkoaz bai, idatz eta esan daitezke gauza batzuk. Batetik eta hasteko, hau: Frantzia zapaltzailea da. Gutxi behar du aurkaria trapu zaharren pare astintzeko. Galdetu Suitzari. 17. minutuan, lehen gola, Giroudek buruz, korner batean. Handik minutu batera, hurrengo jokaldian, 0-2koa Matuidik. Atsedenaldira joan baino lehenxeago, 0-3koa Valbuenak. Eta tarte horretan, gauza horien guztien artean, penalti bat hutsegin du Benzemak (geratu egin dio Benagliok) eta langara bota du bigarren baloi hori Cabayek.


Lehen gola kornerrean. Indarra. Bigarren gola suitzarren huts handi bat baliatuz. Eraginkortasuna. Hirugarrena, suitzarren aldeko korner baten bigarren jokaldian, kontraeraso zitala eta azkarra eginez. Gillotina. Konturatzerako, Suitzaren indarguneetako bat (talde sendoa izatea, gol gutxi jasoa sailkatze fasean) leihotik behera botata zeukan Frantziak.


Eta partida erabakita, jakina. Bigarren zatian, zapalkuntzak berean segitu du. Benzema eta Sissoko golegile. 0-5. Edozein aurretik eramateko gai dela erakusten Frantzia. Suitzarren mesedetan, hauxe: ez dute amore eman, Frantzia lasaitu egin da, eta bi gol sartu dituzte Hitzfielden jokalariek: Dzemailik 81.minutuan eta Xhakak 87.ean.

Badoa aurrera Munduko Kopa, eta Frantziari, gutxienez, beste bi partida geratzen zaizkio jokatzeko. Final-zortzirenetan baita. Erraz asko, gainera. Eta lehen egunetik bigarrenera aldaketak eginda 11koan: Griezmann eta Pogba kanpora gaur, Giroud eta Sissoko barrura. Alderik ez taldean. Barneratuta daukate izaera zapaltzailea jokalari guztiek. Matuidi eta Benzema dira aurkariaren burua gillotinaren azpian jartzen dutenak, eta gero, talde osoak ematen die azkeneko kolpea. Datorrela hurrengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.