Gimnastic gogoan

Athleticek ezin du hutsik egin Levanteren kontra. Yestek eta Del Hornok hasieratik jokatuko dute

haritz gallastegi
2008ko otsailaren 10a
00:00
Entzun


Athleticek ezin du hutsik egin Levanteren kontra. Yestek eta Del Hornok hasieratik jokatuko dute
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Athleticeko jokalariek ez dute ahaztu joan den sasoian Gimnasticekin San Mamesen jokatu zuten neurketa. Paco Floresek zuzentzen zuen taldeak mailari eusteko aukera barik bisitatu zuen Katedrala: Ligako talderik txarrena zen; ordura arte puntu gutxien irabazi zuena bai, behintzat. Beraz, Athleticentzat aukera aproposa zen aurkari bat behin betiko atzean utzi eta indar apur bat hartzeko. Zuri-gorriek ere sekulako puntu premia zuten, baina Gimnastic talde zuri-gorria baino gehiago izan zen, eta merezita eskuratu zituen partida hartako hiru puntuak.

Levanteren aurkako partidak Gimnasticekin jokatu zutena gogorarazi die futbolariei. Egiari zor, antz handia du. Levante ere larri dago, hilzorian: txapelketa amaitzeko hamasei jardunaldi falta direla, hamar puntura dauka salbazioa. Hori gutxi balitz bezala, klubak ez die agindutakoa ordaintzen jokalariei. Egoera horretan gaitza da mirarietan pentsatzen ibiltzea, baina Iñaki Deskarga eta enparauak aurpegia ematen ari dira. Mailari eusteko ia aukera barik egon arren, ez dira partidak oparitzen ari: jokatu dituzten azken hiru partidetan ez dute galdu, eta joan den jardunaldian Racing mendean hartzea merezi izan zuten.

Hala ere, Levante estu dabil kirol arloan zein bulegoko kontuetan. Baina Athleticen egoera ere ez da asko ere hobea. Zorionez, talde zuri-gorriak ez dauka jokalariei ordaintzeko arazorik. Orain arte ez du izan, behintzat. Baina klubaren inguruko gertakariek argi eta garbi erakusten duten Ibaiganeko taldeak bide okerra hartu duela. Seriotasuna galdu du. Eta seriotasuna galtzea indarra galtzea da. Athleticen aspaldian ez da futbolaren inguruan berba egiten: jokalarien parrandak, jarraitzaileek telebistetara bidaltzen dituzten mezu iraingarriak, filtrazioak... Futbolariak ez dira, ez, espendientea irekitzea merezi duten bakarrak.

Salbuespenak salbuespen, Athletic guztiak merezi du espedientea irekitzea. Baina, batez ere, talde zuri-gorriaren jokoak. Eta arlo horretan, Joaquin Caparros eta jokalariak dira erantzule nagusiak. Futbolak Athleticen lana epaitu beharko balu, espedientea ez eze zigor gogorra ere ezarriko lioke talde zuri-gorriari. Ipin ziezaiokeen zigorrik gogorrenetarikoa, gainera. Oraindik ez baitago argi zer egin gura duen Athleticek zelaian. Jokalari zuri-gorri batzuek Zaragozaren aurkako partidaren bigarren zatian egindako beharra dela aurrera egiteko bidea adierazi dute astean. Bada, Romaredako bigarren zatia bada Athletici eskatu ahal zaion guztia, hobe izango da Bigarren Mailako aurkariak zeintzuk izango diren begiratzen hastea. Hain da txarra Athleticen jokoa, non aurkariak ezer gutxi egitea nahikoa den gustura egoteko. Kontrarioari begiratu beharrean, euren buruari begiratu behar diote jokalariek.



IKUSMINA HARMAILETAN. Bilbon ikusmin handia sortu du Levanteren aurkako partidak. Aurkariak baino gehiago, talde zuri-gorriak eta haren inguruan gerta daitekeenak sortu du morboa. Batetik, ikusi egin beharko da zein den zaleen jarrera lehen minutuetan. Izan ere, jarraitzaileak nazkatuta daudela dirudi. Baina, batez ere, Yesteri eta Del Hornori egingo diete jarraipena, bata zein bestea hasieratik arituko baitira. Gallartako ezker hegaleko atzelariarentzat, bere maila erakusteko azken aukera izan daiteke. Caparros gustura dago Koikiliren lanarekin, eta ez du Del Hornoren falta sumatzen. Beraz, jokalariak dauka entrenatzaileari postu horretarako aukera bat baino gehiago duela erakusteko ardura. Ez du lan samurra izango, San Mamesek ez baitio akatsik txikiena barkatuko.

Yesteren egoera ezberdina da. Basauriarrak sarri askotan erakutsi du Athleticekin duen konpromisioa. Bere erara, baina erakutsi du. Zelaian daukan guztia eman du. Inork ezin du ezbaian jarri Yestek Athletici laguntzeko erakutsi duen gogoa. Aste guztian kili-kolo egon ostean, hura izango da taldeak erasoan izango duen erreferentzia nagusia.

Zaleek gertutik jarraituko dute ezker bien lana. Baina beste jokalari batzuentzat ere neurketa garrantzitsua izango da. Ustaritzek, esaterako, txartelak tarteko zigortuta dagoen Ocioren postuan jokatuko du. Jokatzeko aukera eman diotenean lan ona egin arren, ez du jarraikortasunik izan. «Badirudi jokatzeko aukera dudan bakoitzean ezin dudala huts egin. Horrela zelairatzea ez da samurra», adierazi zuen erdiko atzelariak. Ez dauka arrazoi faltarik, baina Ocio eta Amorebieta dira teknikariaren gustukoak.

Zelai erdian eta erasoan ere aldaketa bat baino gehiago egon daiteke. Orbaizi pasatu zaizkio orkartilako arazoak, eta hark izango du taldeari oreka emateko ardura. Bestalde, ez litzateke harritzekoa izango Cuellar eta Ramos hasieratik aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.