Gipuzkoak irabazi du Euskotren ligako lehen estropada, Pedreñan

Galizia faboritoa nagusitasunez hartu dute mendean, eta erraztasunez Bizkaia eta Kantabria

Aitor Manterola Garate.
2010eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hasi da Euskotren liga, eta aurreneko estropada ez du faboritoak irabazi. Gipuzkoak aurrea hartu zion atzo Galiziari, Pedreñan (Espainia) jokatu zuten estropadan. Galiziarrak ez gailentzea ezustetzat har daiteke neurri batean, baina norbaitek menderatzekotan Gipuzkoak mendera dezake, Getaria-Tolosako arraunlariek, hain zuzen. Atzo beraiek atera ziren herrialdea ordezkatzen, eta bandera bereganatu zuten.

Iaz, bitan irabazi zieten galiziarrei, eta aurten, orduan bezala, aurreneko egunean bertan eman diete kolpea. Bi luzeko estropada egin zuten, eta gipuzkoarrak hasieratik joan ziren aurrerantz. Oso talde indartsua da Getaria-Tolosa, eta atzo erakutsi zuen zergatia. Bigarren urtez jarraian osatu dute taldea elkarrekin, eta Galizia selekzioa izan arren, negu osoan batera lan egin izana onerako baliatu zuten gipuzkoarrek.

Ziaboga bakarrean aurretik ziren dagoeneko. Galiziak baino sei segundo gutxiago behar izan zuten balizara heldu eta buelta emateko. Askoz atzerago zetorren Bizkaia, 18 segundora. Eta zer esanik ez Kantabria, 32 segundora. Bi aurrenekoen artean zegoen estropada, aldez aurretik uste zen bezala.

Bigarren luzean, Galiziak ez zuen estutu estropada buruan zen ontzia. Arraunean sendo eta konfiantzaz gainezka, buruari eutsi zion. Iazko Euskotren ligako garailea saiatu zen aurreko ontzia harrapatzen. Ziabogan aldea handitxoa bazen ere, ez zuen amore eman, eta aldeak ez ziren handitu. Azkenean, sei segundoren tartea egon zen bien artean. Bizkaitarrak sailkatu ziren hirugarren, 35 segundora, eta kantabriarrak laugarren, oso-oso atzean, minutua eta 17 segundora. Gaur jokatuko da bigarren estropada, Portugaleten (Bizkaia), 11:30ean.



Sailkapena

Marina de Cudeyo bandera

1. Gipuzkoa 11.18,69

2. Galizia 11.25,05

3. Bizkaia 11.54,23

4. Kantabria 12.36,38
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.