txirrindularitza

Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak Euskal Herriko Itzulirako beste 150.000 euro jartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

2012ko martxoaren 1a
19:31
Entzun

Arazo ekonomikoengatik Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa txirrindularitza probak bertan behera geratzeko arriskua dagoela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bi probak diruz laguntzeko eskatu dute.

Batetik, Eusko Jaurlaritzari bidali diote mezua, beste 150.000 euro eman ditzala eskatzeko. Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak azken hiru urteetan 360.000 euroko laguntza eman dio urtero Euskal Herriko Itzuliari, atzo Patxi Mutiloak elkarrizketa batean azaldu zuenez, baina aurten 200.000koa izango da laguntza, Blanca Urgell Kultura sailburuak aste honetan jakinarazi duenez.

Urgellek zioen Itzuliko antolatzaileek baztertu egin dutela babesle handi bat, eta Jose Luis Arrieta probako antolatzaileetako batek gaur esan du hori hala dela, "baina Jaurlaritzak ez du egia osoa esan". Arrietak adierazi du Unipublicen babesletza jasotzeko aukera izan dutela baina Unipublicek Itzuliaz jabetu nahi zuela eta Donostiako Klasikoa kentzea nahi zuela. "Hori ezin genuen onartu", esan du Euskadi Irratian.

Gaur egun, Euskadi Kirol Antolakuntza erakundeak antolatzen ditu Itzulia eta Klasikoa, lehen Organizaciones Deportivas El Diario Vasco zena, eta Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailaren 160.000 euroko murrizketaren ondorioz esan du arriskuan daudela bi lasterketa. El Diario Vasco egunkariak 2008an 12 milioi euroren irabaziak izan zituen; 2009an, 10 milioi eurokorenak, eta 2010ean, beste hamar milioi eurorenak irabaziak. 2011ko datuak oraindik ez dituzte jakinarazi.

Gipuzkoako Aldundiak Bizkaikoari eta Arabakoari eskatu die lagundu dezatela Euskal Herriko Itzulia.

Kontuz! Euro 1 lelopean sarean den kanpainaren alde mintzatu dira diputazioa eta udala. Creationest.com mugimenduak sortu du kanpaina, eta euro bat emango duten 150.000 lagun bildu nahi ditu.

Ikerne Badiola Kirolako foru diputatuak, Asier Sarriegi kirol foru zuzendariak eta Josu Ruiz Donostiako Kirolako batzordeburuak eman dute prentsaurrekoa, aldundiaren egoitzan.

Probako antolatzaileek bilera egin zuten herenegun, eta astebeteko epea hartu dute hausnarketarako. "Nekatuta gaude iritzi trukaketarekin", azaldu zuten ohar batean. "Datorren astera arte itxarongo dugu, irtenbideren bat aurki dezakegun ikusteko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.