Giro beroak ez ditu kikilduko
Osasunak 2.000 zaleren babesa izango du gaur Sevillan, UEFA Kopako finalerako sailkatzeko
Osasunak 2.000 zaleren babesa izango du gaur Sevillan, UEFA Kopako finalerako sailkatzeko
ASIER LEGARDA-EREÑO
Iruñea
Finala pauso bakar batera dago, eta Osasunako jokalariek ez dute kale egin nahi. UEFA Kopako azken irabazlea kanporatu behar dute historian lehendabiziko aldiznazioarteko txapelketa ofizial batean finala jokatzeko; etxetik at jokatuko dute partida erabakigarria, gainera. Baina gorritxoak baikor daude. Alde txikia dute, joanekoan Iruñean lortutako 1-0koa alde polita da. Sevillak ez zuen golik sartu Nafarroako Erresuman, eta Osasunak Sanchez Pizjuanen gol bat sartuz gero, hiru gol sartzera behartuko du Sevilla. Juande Ramosen taldeak zaleen babesa izango du, eta Iruñean kanporaketa maldan gora jarri zitzaien arren, askok Sevilla jotzen dute faboritotzat. Osasunak ez du lan erraza, baina egin dezaketela sinetsita daude jokalariak, eta hori da lehendabiziko pausoa, eta pausorik garrantzitsuena ere bai, agian. Maiatzaren 16an Glasgowera itzuli nahi dute gorritxoek. Final-zortzirenetan Ibrox Park ezagutu zuten, Rangersen zelaia, eta Eskoziako selekzioaren zelaia ezagutu nahi dute orain, Hampden Park. Han jokatuko da finala, eta Sevilla-Osasuna kanporaketako garaileak Werder Bremen edo Espanyol izango du aurkari -3-0 irabazi zuten katalanek joanekoan Bartzelonan-.
«Gure aurkako zenbat eta oihu gehiago entzun, orduan eta hobeto! Orduan eta ederragoa izango da erronka, futbolari guztiok jokatu nahi ditugun partida horietako bat izango da», erantzun zuen astelehenean Ricardo atezainak, Sanchez Pizjuanen aurkituko duten giroak kezkatzen ote dituen galdetu ziotenean. Taldekide guztiek ere antzeko hitzak erabili dituzte: «Guretzat ona da kontrako giroa izatea, azkarrago sartuko gara partidan buru-belarri, eta Osasuna talde borrokalaria eta lehiakorra izan da beti», esan zuen Izquierdok herenegun. «Oso partida gogorra izango da, ziur, baina gu ohituta gaude. Are gehiago, gustatzen zaigu horrelako partidak jokatzea. Gertatzen dena gertatzen dela, burua tente itzuliko gara Iruñera. Dena emango dugu», adierazi zuen atzo Jose Angel Zigandak. Esatea egitea baino errazagoa da, baina harrerarik gaiztoenari ere aurre egiteko moduan prestatu dira Osasunako jokalariak.
Kontrako giro beroarekin kikilduko ez diren bezalaxe, faborito ez izateak ere ez ditu kezkatzen Osasunako jokalariak: Bordeleko Girondins, Glasgow Rangers eta Bayer Leverkusen ere faboritoak ziren, baina bidean utzi zituzten gorritxoek. Sevillan (Espainia), ordea, baikortasun itzela dute. Esaterako, azken Liga jardunaldian Espanyolen aurka jokatu zuten partidarako klubaren astekariak titular hau aukeratu zuen azalerako: «Aurreratutako finala». Espanyolek Werder Bremeni 3-0 irabazi zionez joanekoan, Osasuna kalean utzi eta finala katalanen aurka jokatuko dutela sinetsita dira espainiarrak. Finalerdietarako bereziki prestatu dituzten bufandetan ere Osasunaren izena ez zen inondik ageri: bufanda erdia Sevillaren armarriak eta izenak hartzen zuen, eta beste erdia Espainiako banderarentzat gorde zuten. Osasunaren armarririk ez zen agertzen, ezta Nafarroako klubaren izenik ere. Itzulerako partidarako Maite zaitut Glasgow leloa duen bufanda prestatu dute. «Osasunaren aurkako kanporaketa gainditzea baino gauza zailagoak egin ditugu», azpimarratu zuen Sevillako golegile nagusi Frederick Kanoutek herenegun. Baikor daude Sevilla aldean. Osasuna maila apalagoko taldea dela uste dute, eta sinetsita daude kanporaketari buelta eman eta aurrera egingo dutela.
BI TALDEAK, DUTEN GUZTIAREKIN. Sevillak Liga ere irabazi nahi du -bigarren da Bartzelonaren atzean dago puntu bakarrera-, eta igandean partida erabakigarria du Real Madrilen zelaian -hirugarren sailkatua, Sevillarengandik puntu bakarrera-. Hala ere, Juande Ramos Sevillako entrenatzaileak ez du igandeko partidarako inor gordeko. Osasunarentzat bezala, lehentasuna UEFA Kopak du orain Sevillarentzat ere. Gorritxoek oraindik ez dute ziurtatu salbazioa, baina sei jardunaldiren faltan zazpi puntuko aldea dute. Igandean Mallorcan jokatu beharreko partidan inork ez du pentsatzen. Gaurkoa da garrantzitsuena. 2006-2007 denboraldia UEFA Kopan egindakoagatik gogoratuko dute zaleek, eta Zigandak badaki hori. Gutxien jokatu duten jokalariak utzi ditu deialditik at: Romeo, Hector Font, Juanlu, Miguel Flaño, Monreal...
Zelaia bilakatu da azken orduko protagonista. Bi taldeek Sevillaren instalazioetan entrenatu zuten atzo, Sanchez Pizjuaneko zelaia gaizki omen dagoelako. «Zelaia gaizki dago, eta horrek mesede egingo dioOsasunari. Horri ere aurre egiten saiatuko gara», aitortu zuen atzo Juande Ramosek. Ziganda ez zegoen ados Sevillako entrenatzailearekin. «Zelaia gaizki badago, bioi egingo digu kalte». Nolanahi ere, atzo zelaia zapaldu zutenek ez zuten ezer berezirik ikusi. Partida hasi aurretik hasi da lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu