Partida jokatu ondoren indarra galtzen dute zorte kontuek, baina pozik egoteko nahikoa motibo badauka Athleticek. Izan ere, Inter Baku Azerbaijango taldearen eta Hafnarfjordur Islandiakoaren arteko kanporaketako irabazlearen aurka ariko dira zuri-gorriak Europako Ligako hirugarren kanporaketan.
Bi talde horiek hurrengo ostegunean jokatuko dute itzuliko partida —joanekoan, 1-2 irabazi zuen Inter Bakuk—.
Athleticek, berriz, uztailaren 30ean eta abuztuaren 6an jokatuko du bi talde horietako baten aurka. Gaur eguerdian egindako zozketak hala zehaztuta, San Mamesen izango da joaneko partida, eta etxetik kanpo itzulikoa. Kanporaketa hori gaindituz gero, beste bati aurre egin beharko liokete bilbotarrek Europako Ligako ligaxkan sartzeko.