Pena bakarra izango dute Athleticeko jokalariek: hurrengo partida jokatzeko astebete itxaron beharra. Aukeran jarriz gero, gaur bertan jokatuko lukete Almeriaren aurka. Bolada gozoan sartu dira zuri-gorriak, eta, aurkariari begiratu gabe, berea eginda menderatzen ari dira denak. Hartu zuen mendean Rayo (1-0); irabazi zion Eibarri (0-1); Real Madril ere hankapean ibili zuen joan den astean (1-0); eta, bigarren zatian sufrituta, baina atzo ere irabazi zion Celtari (0-2). Lau garaipen jarraian lortuta, beheko postuak ahaztu eta zazpigarrenari begira jarri dira jada bilbotarrak.
Joan-etorriko joko bizia espero zitekeen arren, hotz hasi zen partida. Alex Lopezen bi jaurtiketa besterik ez lehen ordu laurdenean. Ibai Gomez ezkerretik zela, Adurizen buru jokoaren eta Williams eta Muniainen abiaduraren zain zegoen Athletic. Eta denek bat egin zuten 16. minutuan. Ia gehienetan egiten duen moduan, Adurizek bikain irabazi zuen jauzia, eta buruz pase zehatza eman zion Muniaini. Erdilaria arean sartu, Augusto Fernandezek bultza egin, eta penaltia. Mateu Lahozek adierazi zuena sinetsi ezinik geratu ziren Celtako jokalariak, oso zalantzazkoa izan zelako penaltia. Adurizek ez zuen huts egin. Bizkaitarren erasoko lehen jokaldian, penaltia eta gola (0-1).
Konfiantzaz gainezka daude Athleticeko jokalariak, eta nabarmen geratu zen hori gola sartu ondorengo minutuetan. Zer egin ez zekiela geratu zen Celta, eta erakustaldia eman zuen Williamsek. Ernesto Valverdek asmatu egin du aurrelaria eskuin hegalean jarrita, eta talde gehienen atzeko lerroa hausten ari da harrobiko gaztea. 19. minutuan pase neurtua bidali zion Adurizi, baina, atezainari iskin egin ondoren, donostiarrak ez zuen asmatu jokaldia amaitzen. 26. minutuan, De Marcosek gutxigatik kanpora bidali zuen jaurtiketa, Muniainek, Beñatek eta Williamsek berak landutako jokaldian. Eta, bost minutu geroago, Williamsek berak hasitako jokaldiaren ondorengo kornerrean, San Josek lortu zuen 0-2koa, aurretik Adurizek burukada langara bidali ondoren.
Celtaren gola eta aldaketa
Williamsek Adurizi bidalitako pase sakonarekin amaitu zen lehen zatia. Eta Williamsen erdiraketa jasota Adurizek kanpora bidali zuen errematearekin hasi bigarrena. Baina jokaldi batek aldatu zuen partida: Adurizen lesioak. Aduktorean min hartuta, aurrelariak aldaketa eskatu behar izan zuen 55. minutuan. Santi Mina zelairatu zuen Eduardo Berizzok, eta hark desorekatu zuen Athletic. Izan ere, Iraizozekin izan zuen buruz burukoa huts egin berritan iritsi zen Larriveyren gola, burukada onean (65. min.).
Orellana, Mina, Krohn-Dehli... Gora egin zuen Celtak, eta galduta zegoen Athletic. San Joseren bigarren txartel horiarekin (85. min), hamarrekin amaitu zuten partida zuri-gorriek, baina horrela ere irabazi egiten du orain.