TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Goierri mugarri

Atzo aurkeztu zuten Euskal Herriko Itzulia; Lazkaomendi gain pikoa izango da lasterketako epaile

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2004ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
766 kilometro, 28 mendate eta horiek xehetu ez duten sailkapen nagusia behin betiko argituko duen 8,5 kilometroko erlojupeko gorabeheratsua. Horiek dira Euskal Herriko Itzuliko osagai erakargarriak. Aste Santua bete-betean harrapatuko du lasterketak, apirilaren 5ean, astelenez, hasiko baita Bergaran eta ostiralean, Ostiral Santu egunez bukatu, Lazkaon (Gipuzkoako herriak biak). Atzo gauean aurkeztu zuten antolatzaileek lasterketa, eta urtero bezala, ibilbide polita, erakargarria prestatu dute beste behingoz, zaleen begiek gozatu ederra hartzeko modukoa.

Etapen egituraketak ez du aldaketarik. Bergaran hasi eta bukatuko da lehena. Zalla herriraino egingo du bidea bigarrenak (Bizkaia) eta handik Gasteizera hirugarren saioak (Araba). Nafarroako etapak Lekunberrin izango du akabera eta azken etapak Gipuzkoako Goierri eskualdean barrena egingo du bidea.Eskualde horretan korrituko diren bi etapak izango dira itzuliko mugarria, giltza. Ostiral goizekoan Urkillaga, Olaberria, Gaintza eta Lazkaomendi igoko dira, aldapa laburrak bezain tenteak laurak. Lazkaomendik kilometro pasatxoa du, baina %15etik gorako pendizak, eta bide estua.

Erlojupekoa mendatea baino erabakigarriagoa

Euskal Herria lurralde menditsua da eta ibilbide menditsua prestatzea baino errazagoa da bi herri edo hiri aukeratzea etapa hasteko eta bukatzeko, eta tartean egon daitezkeen aldapak igotzea. Aldapak aldapa, itzulian pisu handiagoa eduki izan du azken eguneko erlojupekoak igo diren mendate guztiak baino, azken garailea finkatzeko orduan. Erlojupekoan iaioak direnak igotzaileen erasoei eusten saiatzen dira, eta igotzaileak direnak alderantziz, bakarkako lanean trebeak direnak mendian gora lehertzen. Dema hari berekoa izango da aurten ere.

Partaidetza ikusgarria izango da. Zortzina karreristako 20 talde lehiatuko dira, tartean Iban Mayo azken garailea Euskaltel-Euskadirekin. Aitor Gonzalez, Hamilton, Virenque, Vinokourov, Di Luca, Boogerd, Aitor Osa, Astarloa, Rebellin, Heras, Ivan Basso, Casagrande, Valverde, Dominguez, Alberto Martinez eta beste asko arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.