Iraupena. 42.44 minutu.
Pilotakadak. 396.
Sakez. Berasaluze VIII.ak bat, eta Olaizola II.ak bi.
Markagailua. 1-0, 1-1, 2-1, 2-9, 4-9, 4-17, 8-17, 8-21, 10-21 eta 10-22.
Bestelakoak. Jendetza handia Bartzelonako Valll de Ebron pilotalekuan. Artekaririk gabe jokatu zen partida.
Iruñean jokatu zuen atzo Bartzelonak, Osasunaren aurka, baina Kataluniako hiriburuan geratu zen Messi, Vall de Ebron pilotalekuan. Bartzelonako zaleak zoratzen egoten dira Camp Noun argentinar txikiaren jokoarekin, baina atzo beste aurrelari batekin geratu ziren txundituta. Goizuetan bai baita beste Messi bat. Binakako Txapelketak Bartzelonara osteratxoa egin zuen atzo, bigarren itzuliko estreinako jardunaldian, eta Pep Guardiolak berak fitxatzeko moduko partida egin zuen Aimar Olaizolak. Hamabi tanto egin, eta bakarra galdu. Horrekin dena esana dago. Jokatutako zortzi partidak irabazita daude Olaizola II.a eta Beroiz, eta zeruak eta lurrak bat egin beharko lukete bikote hori finalerdietako ligaxkan ez sartzeko.
10-22. Emaitzari begiratuta, pentsa liteke Berasaluze VIII.ak eta Albisuk partida kaskarra egin zutela, baina txukun antzean aritu ziren biak. Gozamena da ataundarrak pilota nola astintzen duen ikustea. Gauzarik zailenak erraz egiten ditu. Errebotera ere bidali zuen pilota bat, 3-9koa, eta gehienean Beroizi bizkarra emanda ibili zen. Baina bost huts ere pilatu zituen. Berasaluze VIII.ak, berriz, zortzi tanto egin zituen guztira, baina beste bost galdu zituen. Bien artean hamar huts eginda, ezinezkoa da Olaizola II.aren eta Beroizen aurka irabaztea.
Dotore hasi zen partida, tanto gogor-gogorrekin. 1-0ekoa ezker gantxoz egin zuen Berasaluze VIII.ak; 1-1ekoa txokoan Olaizola II.ak; 2-1ekoa ezker gantxoz, berriz ere, Berrizko aurrelariak; binakoa txokoan lehenengo eta zabalean gero goizuetarrak... Partida gogorra espero zitekeen, baina Beroizek ez zuen pilota bakar bat ere eraman gabe utzi, eta Olaizola II.ak nahi izan zuen guztia egin zuen aurreko koadroetan (2-9 eta 4-17). Berasaluze VIII.ak erreakzio txiki bat eduki zuen lau tanto jarraian eginda (8-17), baina 8-21ekoaren ondoren, markagailua txukuntzea bakarrik lortu zuten galtzaileek (10-22).
Atzoko beste partidan, puntu garrantzitsua lortu zuten Bengoetxea VI.ak eta Apraizek, Arretxe eta Beginori 22-12 irabazita. Lau garaipen eta lau porrotekin daude orain. Arretxe eta Begino, berriz, aspalditik daude aukerarik gabe, jokatutako zortzi partidak galduta.
Partida handia gaur, Bilbon
Herenegun iluntzean garaipen garrantzitsua lortu zuten Xalak eta Laskurainek Urretxun, Aritz Lasa eta Zubietaren aurka. Tentsio handiko partida izan zen, Aspeko bi bikoteek zeukatelako irabazi beharra. Horrek eraginda, huts dezente pilatu zituzten bi bikoteek. Aurrean bizi jokatu zuen urretxuarrak, baina Zubietak ezker eskua minduta jokatu zuen 13-10ekotik aurrera —eskuin eskua minduta eduki berri du—. Bi garaipen eta sei porrotekin, aurrera egiteko ia aukerarik gabe geratu ziren galtzaileak. Xala eta Laskurain, berriz, aurreko multzoan sartu dira, lau partida irabazi eta beste hainbeste galduta.
Titin III.a eta Merino II.arekin berdinduta daude Xala eta Laskurain, eta errioxarrek oso partida zaila daukate gaur, Bilbon, Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriolaren aurka. Sailkapenean lau garaipen eta hiru porrotekin daude Titin III.a eta Merino II.a, eta bost garaipen eta bi porrotekin Irujo eta Barriola.
Berasaluze VIII.a-Albisu 10. Olaizola II.a-Beroiz 22
Goizuetarra da Messi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu