Realak eta Athleticek gainean dute Espainiako Ligako egutegian gorriz markatutako eguna. Elkarren aurkako denboraldiko lehen derbia hasi berri da, Anoetan, eta garaipen premian direla zelairatu dira bi taldeak, aurrez bolada on samarra izan arren, batak zein besteak kale egin baitzuten azken jardunaldian.
Ondo hasi du Athleticek partida, baina Realak aurrea hartu dio hasi eta minutu gutxira. Carlos Velak sartu du bat eta hutsekoa, hirugarren minutuan. Biak ala biak ahalegindu dira, nahiz eta Realak aukera gehiago sortu dituen, eta horri esker aurretik amaitu du lehen zatia. Athleticek ere egin ditu ahaleginak, baina motz geratu dira guztiak. Minutu asko geratzen dira oraindik, ordea, eta dena dago erabakitzeke.
Bigarren zatia, aldiz indartsu hasi dute bilbotarrek, eta aukera bikainak ere sortu dituzte lehen minutuetan. Dena den, eta denbora aurrera joan ahala zuri-gorriak ahultzen joan diren arren, berdinketaren gola heldu da bigarren zatiko 16. minutuan, De Marcosen eskutik. Dena ez da, ordea, ona izan bilbotarrentzat bigarren zatian. Izan ere, 80. minutuan bigarren txartel horia jaso du Laportek eta hamar jokalarirekin geratu dira zuri-gorriak.
Giro bikaina kalean
Derbiaren aitzakian beste hainbat ekitaldi ere antolatu dira Gipuzkoako hiriburuan. Antzoki Zaharrean esaterako Bertso Derbia egin dute. Laugarren aldia da halako saio bat egiten dutela, Real Sociedad eta Athletic fundazioen laguntzarekin. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izan dira txuri-urdinen ordezkari eta Jon Maia, Jone Uria eta Igor Elortza bilbotarrena.
Bitartean, Donostiako alde zaharrean bi koloreetako kamisetak edonon. Liskarrik gabe, eta festa giroan igaro dituzte jarraitzaileek partida aurreko orduak.
Jarraitzaileek ez ezik, ordea, bi klubetako zuzendaritzak ere elkarrekin egon dira derbia hasi aurreko uneetan. Bazkaltzera ere batera joan dira Oiartzungo Zuberoa jatetxera.