Deportivo eta Osasuna ez daude unerik gozoenean. Liga hasi zenetikirabazi gabe dauden bi taldeetatik bat da Deportivo -Zaragoza da bestea-. Osasuna, berriz, etxetik kanpo punturik lortu ez duten bi taldeetako bat da -Espanyol da bestea-. Miguel Angel Lotina eta Jose Antonio Camacho ez daude lasai egoteko moduan, baina gaur arratsaldeko partidari behar baino garrantzi handiagoa ematerik ez dute nahi izan ez batak eta ez besteak aste honetan. Sei jardunaldi soilik igaro dira denboraldia hasi zenetik, eta dagoeneko «finalak» jokatzen hastea gehiegizkoa da, bai Lotinaren bai Camachoren ustez. Hori bai, gaur Riazorren jokatuko den neurketa galtzen duenak ez du aste gozoa izango hurrengo partida jokatu arte. Deportivo sailkapeneko azken postuan da, hiru punturekin, baina Osasunak bi puntu gehiago besterik ez du, eta gaur galtzen duen taldeak jaisteko postuak izango ditu sari.
Partida atarian norbaiti emaitza bat iragartzeko eskatuz gero, hutsean berdintzea iragarri beharko luke, ia derrigorrean. Osasunak eta Deportivok golak sartzeko dituzten zailtasunak ikusita, ez dago beste aukerarik. Osasunak gol bakar bat ere ez du sartu denboraldi honetan etxetik kanpo jokatutako hiru partidetan, eta Deportivok Riazorren jokatutako hiru partidetatik bitan ez du zulatu aurkariaren atea. Getaferen aurka bina berdindu zuten galiziarrek, Ligako hirugarren jardunaldian Riazorren jokatu norgehiagokan, eta azken jardunaldian Santiago Bernabeun 6-1 galdutako partidan izan ezik, golik ez du sartu Lotinak zuzentzen duen taldeak. Sei partidetatik lau golik sartu gabe amaitu ditu Deportivok, beraz. Eta Osasunak ere gauza bera egin du: Realari hiru gol sartu zizkion Nafarroako Erresuman jokatutako derbian, eta azken norgehiagokan bana berdindu zuten gorritxoek Levanteren aurka. Beste lau partidetan ez dira gol bakar bat sartzeko gai izan.
Eraginkortasuna buruhauste
Aurreko sasoian ere Ligako talderik txarrenen artean egon ziren Deportivo eta Osasuna golak sartzeko orduan. Espanyolek 29 gol sartu zituen Liga osoan, Deportivok 35, Sportingek 36 eta Osasunak 37, hurrenez hurren. Eta sasoi honetan ikusitakoagatik, ez dirudi gaitza sendatzen asmatu dutenik. Gaur arratsaldean hiru puntuak batzea izango dute helburu bi taldeek, baina golik sartu ezean partidak irabazterik ez dagoela argi dago. Eta puntuak banaka lortuz, zaila da sailkapenean jauzia egin eta postu arriskutsuak atzean uztea.
Gola sartzen duen taldeak gertu izango du garaipena
Deportivo eta Osasuna izango dira aurrez aurre gaur Riazorren, aspalditik ate aurrean antzu dabiltzan bi talde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu