Golaren izenean hitz egin dute biek. Atzelarien etsairik handienak dira biak. Borrokalariak biak. Zelaian, izaera gogorrekoak biak. Athleticeko golegilea da Erika Vazquez (Iruñea, 1983); Realekoa, berriz, Maialen Zelaia (Donostia, 1988). Taldeko golegilerik onenak dira biak. Hamabost gol sartu ditu Vazquezek; sei Zelaiak. Erantzukizun handia izango dute biek ala biek etzi jokatuko duten derbian, Lezaman(12:00). Bigarren postuan daude bilbotarrak, Bartzelona liderrarengandik hiru puntura; eta zazpigarren donostiarrak, Espainiako Kopa jokatzeko postuetatik bost puntura.
Aurrelaria nekez bizi daiteke golik gabe, baina golak sartzea baino lan gehiago egiten dute biek aurrealdean. Ondo ezagutzen dute elkar, eta, derbia aztertzen hasi aurretik, elkarri loreak bota eta bota aritu dira. «Oso jokalari ona da Erika, oso desorekatzailea. Espanyoletik itzuli berria da, eta Athleticek nabarmen egin du gora haren golekin». Zelaiak hitz horiekin definitu du Vazquez, eta nafarrak ere ez dauka ahazteko donostiarraren kalitatea. «Realak, agian, ez dauka izar handirik, baina Maialen da aldea markatzen dutenetako bat. Oso borrokalaria da, oso azkarra, eta lan handia egiten du aurrean. Jokalari osoa da».
Loreak alde batera utzita, biek azpimarratu dute etziko partidak bi taldeentzat daukan garrantzia. «Sailkapena nola dagoen ikusita, partida bakoitza final bat da guretzat. Hiru puntura daukagu Bartzelona, ez du huts egiten, eta guk ere ezin dugu punturik galdu». Maiatzaren 6an jokatuko du Athleticek Bartzelonaren aurka, eta erabakigarria izan daiteke. «Baina, inondik inora, ez daukagu buruan egun hori. Edozein partidatan gal daitezke puntuak. Urrutira joan gabe, Realaren aurkakoan. Gainera, etxetik kanpo oso partida zailak dauzkagu».
Zelaiaren hitzetan, «pozik eta indartsu» doa Reala Lezamara. «Baina badakigu oso zaila dela han jokatzea. Oso talde ona dauka Athleticek; goian daude, eta liga irabazteko ez dute punturik galdu nahiko, baina...». Baina horixe, derbietan desorekarik handiena ere orekatu egiten dela. Horixe uste du Vazquezek ere. «Horrelako partidetan ahaztu egin behar da sailkapena. Oso partida zailak dira derbiak, motibazio handiarekin jokatzen baitugu denok».
Lehen itzulian, 1-3 irabazi zuen Athleticek Zubietan. Eta Realeko aurrelariak onartu du Athletic nabarmen hobea izan zela partida hartan. «Baina, aurreko denboraldietan, parekotasun handia izan dute derbiek, eta gu haien mailara gerturatuz goaz, pixkanaka». Athleticeko aurrelariarentzat, garrantzitsua izan zen garaipen hura. «Hirugarren jardunaldia zen, eta, guretzat, hura zen irteera serioetan lehena. Non geunden ikusi nahi genuen, eta garaipen garrantzitsua izan zen. Ondo jokatu genuen, gainera».
Athleticeko eta Realeko jokalariek ondo ezagutzen dute elkar, eta Vazquezek eta Zelaiak argi utzi dute sekretu gutxi dagoela bakoitzaren jokatzeko eran. «Reala asko hazi da azken urteotan, eta oso talde oldarkorra da. Estrategia jokaldietan, gainera, gol asko sartzen ditu. Talde gisa, ligako onenetakoa da». Zelaiak ere gogotik goratu du zuri-gorrien jokoa. «Oso talde indartsua da Athletic, eta denboraldi honetan askoz hobeto jokatzen ari da. Aurrealdean oso jokalari onak dauzka, eta dituzten aukerak ez dituzte alferrik galtzen». Besteak beste, Erika Vazquez dago Athleticen hobekuntza horren atzean, berak halakorik onartu ez badu ere.
Joan den asteburuan Atletico Madrili 0-1 irabazita, bolada gozoan da Reala. «Taldea oso ondo dabil. Orain dela hiru aste, 0-1 galdu genuen L'Estartiten aurka, baina hurrengo bi partidak irabazi egin ditugu. Argi geratu da L'Estartiten aurkakoa istripu bat izan zela». Vazquezek sufrimendu ahotsa jarri du Athleticek asteburuan Valentziaren aurka jokatu zuen partida gogoratuta. «1-3 irabazi genuen, baina ez zen batere erraza izan. Horregatik diot partidaz partida joan beharra dagoela, Bartzelona burutik kenduta».
Orain arteko denboraldietan, Zelaiak ez du pilatu gol kopuru ikaragarririk. «Golei dagokienez, beti esan izan dut alor hori hobetu egin behar dudala. Baina zelaian dena ematen ari naiz, eta gustura nago egiten ari naizen lanarekin». Vazquezen datuak harrigarriak dira: 152 gol sartu ditu 180 partidatan, eta ligako aurrelaririk onenetakoa da.
Kopa eta Txapeldunen Liga
Hamabost partida falta dira liga amaitzeko —45 puntu—, eta Realak bost puntura ditu Kopa jokatzeko postuak. «Hasieran, ez genion helburu jakinik jarri geure buruari. Partidak igaro ahala ikusi nahi genuen non geunden, baina ilusio horri eutsi nahi diogu, noski». Hori bai, autokritika txiki bat ere egin du Zelaiak. «Horretarako, ezin da punturik galdu, eta irabazi beharreko partidaren bat edo beste galdu dugu...».
Datu ezkor bat badago tartean: sailkapenean zazpigarren dago Reala, eta lehen bost sailkatuen aurka galdu egin du lehen itzulian. Huelvako Sportingen aurka, berriz, 0-0 berdindu zuen. «Rayoren aurkako partidan, zelaia ez zegoen jokatzeko moduan, euriteagatik; Espanyolen zelaian, oso ondo jokatu genuen, baina 2-1 galdu genuen; eta Zubietan oso indartsu ari gara. Etxean irabaz diezaiekegu talde horiei». Athleticek nahikoa ziurtatuta dauka Kopa jokatuko duela. «Eta ea behingoz lan ona egiteko gai garen». Baina, zeharka, Txapeldunen Ligari begira daude zuri-gorriak. «Hori bai, geroagoko kontuak dira horiek».
Bi taldeen etorkizuna baldintzatuko du etziko derbiak, baina Zelaia ausartago aritu da pronostikoak egiten hasita. «Bihotzarekin eta buruarekin, 1-2». Vazquezek ez du emaitzarik bota nahi. «Kontu horiek ez zaizkit batere gustatzen. Ea partida ona jokatzen dugun, eta irabaz dezala onenak. Gu izatea espero dut, noski!».
Golaren izenean
Athleticek eta Realak derbia jokatuko dute etzi, Lezaman. Liga irabazteko borrokan buru-belarri sartuta daude zuri-gorriak, eta Kopari begira jarrita daude txuri-urdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu