Ia denean falta. Golak sartzeko zailtasuna adierazteko, gola garesti dagoela esaten dugu futbolean. Beste adiera bat ere ematen diogu: aurrelari golegileak fitxatzea merkea ez dela azaltzeko. Ia talde guztien hutsunea da golik eza, ia entrenatzaile guztion negarren eragilea. Lehen Mailan eta azpi-azpiko edozeinetan. Gure hiru taldeen aste honetako analisia golaren jiran ibiliko da.
Barkatu eta gero... Futbolean erabiltzen da betiko esaldi hori. Makina bat aukera izan eta alerik sartzen ez duen taldeari, aurkariak sartzen dio gola, partida osoan aukera bakarra izan badu ere. Larunbatean, Realak gola sartu zuen, behintzat. Bakarra. Gehiago izan beharko ziratekeen. Bi edo hiru bai. Baina ezin asmatu. Eta halakoetan estutasuna sartzen da. Markagailua estu egoten da. Ez da ezer gol baten aldea. Aurkariak edozein unetan sar diezazuke gola. Edozein jokalditan. Landutakoan edo landu gabean. Merituak eginez edo txiripaz. Pentsamendu horiek denak zabaldu ziren Anoetan barrena. Nahiz eta Racingek aukera garbi-garbi bakarra sortu zuen, lehen zatiko hura. Golarena bitxia da gero. Deportivori hiru sartu zizkioten txuri-urdinek. Ia aukera denak gauzatzeko gai izan ziren. Baina larunbatean, askoz gehiago sartzeko aukerak egin arren, bakarra joan zen sarera.
Ez sartzetik ez sortzera. Haserretu egin dira batzuk Athleticen jardunarekin. Etxetik kanpoko azken bi partidetan (Sevillan eta Vila-realen) zortzi gol jaso dituela eta, kritikak zorroztu egin dituzte. Datua hor dago, ez dio gezurrik. Baina patxada pixka bat ere txarra ez. Izan ere, Sevillako bi gol penaltiz sartu zizkioten. Eta igandeko bat ere ondo zelebrea izan zen, ez baita egunerokoa Iraizozi gertatu zitzaiona. Nik arreta beste arlo honetan jarriko nuke. Ilunari argia jartze aldera. Esango nuke Athleticek etxetik kanpo beste sasoi batzuetan baino hobeto jokatzen duela denboraldi honetan. Lehen ez bezala, argi dauka nola jokatu behar duen. Ondorioz, golak sartzeko aukerak lehen baino gehiago sortzen dituelakoan nago. Baina Sevillan hiru sartu zituen bezala, herenegun bakarra sartu zuen. Etxetik kanpoko jardunean, bide ona urrun ez duela iruditzen zait. Golak sartzeko aukerak sortzen dituen bitartean ondo ibiliko da. Ez sortzea ez sartzea baino larriagoa baita.
Batez besteko ona. Horra Osasuna zaleen aurrean. Golak sartzeko arloari buruz ari naiz.Igandean, hiru Herculesi. Aurrekoetan, alerik ez Almeriari, hiru Realari, bat Levanteri, hiru Malagari. Camacho esan eta esan ari da aukerak sortzen dituztela zaleen aurrean, baina beti ez dutela eraginkortasun bera. Hala ere, datuak onak dira. Bost partidetatik hirutan hiru gol sartzea kontuan hartzekoa da. Entrenatzailearen mezua da Almeriari eta Levanteri irabazi egin behar zietela, eta ez berdindu. Baldin eta golak sartu izan balituzte. Kontuak kontu, Osasunak irabazteko moduko partidak jokatzen ditu etxean. Fidagarria da. Nahiz eta golak sartzeko aukera dezente huts egin. Ez da leku aproposa Nafarroako Erresuma kanpokoentzat. Baina etxetik at baldar jarraitzen duen bitartean, etxeko jarduna golak sartzearen mende egongo da. Eta ez zaio erraza izango oraingo neurriari eustea. Hirunaka golak sartzea ez da batere merkea.
Galdera. Golak sartzea da futboleko gauzarik zailena. Liga hasieran, Real Madril eta Bartzelona ere kamuts ibili ziren. Bi handiak hala egon baziren, gureak irregular samarrak izatea ez da harritzekoa. Ez al diegu gehiegi eskatzen gureei arlo horretan, bi handiak eredutzat hartzen ditugulako?
Golaren joan-etorriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu