Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: D multzoa

Golegileen ostatua

Benzema, Rooney, Ibrahimovic eta Xevtxenko. Beste era batera esanda: Frantzia, Ingalaterra, Suedia eta Ukraina. Europako gol ehiztari abilenak bilduko dira D multzoan.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Golak ez luke hutsik egin behar Polonia eta Ukrainako Eurokopa honetako D multzoan. Europako golegile finenak bertan bildu zituen zozketak. Frantziak Karim Benzema dauka, Ingalaterrak Wayne Rooney —bi partidako zigorra bete behar du—, Suediak Zlatan Ibrahimovic eta Ukrainak Andrei Xevtxenko. Golak bakarrik ez du balio, ordea, eta taldekideen lanak baldintzatuko du haiena. Horretan, Frantziak ematen du indartsuena multzo honetan.

Ukraina

Handia egindakoa da

Galderaren marka bizkarrean duen beste talde bat da Ukraina. Nolako txapelketa egin dezakeen galdetuz gero, ez da erraz asmatzekoa erantzuna. Alde batetik, talde ona izanik, aukera dauka lan ona egiteko. Beste aldetik, ordea, izen handiko selekzioa ez izateak konfiantza handirik ez du ematen.

Oleg Blokhine garai bateko izar handiaren gidaritzapean da berriz selekzioa. 2006an ere hura zen buru, eta Alemaniako Munduko Kopan final-laurdenak harrapatu zituen. Italia izan zuen borrero, gerora txapeldun izango zen selekzioa. Talde hartako hainbat jokalari ariko dira Eurokopa honetan: Xevtxenko, Timoxuk, Gusev, Milevski, Voronin eta Rotan, besteak beste. Sei urte igarota, jokalari eginagoak dira denak —Xevtxenko (35 urte) lehendik ere izarra zen—, eta aldeko ezaugarria du hori.

2012an, sei urte aurretik egindako balentria berriz egin nahi du. Baina bada ezberdintasuna: orduan ezustetzat jo zena orain ez da hainbestekoa izango. Gehiegi aurreratzea izango da, akaso, baina txapelketa orotan egon ohi den ezkutuko taldea izan daiteke Ukraina. Ez da bakarra multzo horretan sartzekoa, beste bat edo beste badelako tartean, baina Blokhinen jokalariak izan daitezke Eurokopa honetako animatzaile handienetakoak. Bistan da D multzo honetan edonor har dezaketela mendean, Frantzia indarberrituarekin lan gehiago izan dezakeen arren.

Ingalaterra

Arazoekin eta presaka

Beste txapelketetan ez bezala, Ingalaterra ez dago hautagaien artean. Besteetan ere ia beti jarri izan dute faborito nagusien azpian, eta, orain, azpirago dagoela esatea ez da alferrik jardutea. Arazo ugari edukitzen ari da azkenaldian. Aurrenekoa entrenatzaile aldaketa izan zen. Fabio Capelloren aroa bukatu behar zuen baino lehenago amaitu zen, eta duela hilabete pare bat izendatu zuten ordezkoa: Roy Hodgson beteranoa.

Bistan da ez duela denborarik izan taldea bere moldera jartzeko. Gabezia handia da hori. Arazo hori txikia ez, eta handiagoak sortu zaizkio bidean. Makina bat jokalarik min hartu dute, eta ez dira ariko Eurokopan. Ezagunena Lampard. Azkenekoa, Cahill erdiko atzelaria. Garbi esanda, hainbesteko oztopoekin nekez egin daiteke ezer onik. Hala ere, ezustea emateko aukerari lekua utzi behar zaio badaezpada ere.

Izan ere, taldea ez da txarra. Baditu jokalari onak, Rooney buru dela. Hor daude, esaterako, Terry,Gerrard, Walcott eta Young. Hodgson gai bada daukanari etekina hain azkar ateratzeko, txapelketa duina egin dezake Ingalaterrak. Baina hortik onenen artean sartzera koska handia dagoela ematen du.

Suedia

Bide berriak

Jokalarien zerrenda hartu, eta zelai erdian eta aurrealdean jokalari onak dauzka: Kallstrom, Ibrahimovic eta Elmander, esaterako. Aurreko txapelketetan ere izan ditu, baina ez du deus handirik egin. Lehen, jokatzeko eredua zuhurra zeukan, atzean sartu eta golak sartzeko aukera gutxi sortzen baitzituen. Ausartago jokatzeko baliabideak dauzka, eta, horren alde eginez gero, lehen fasea gainditzeko aukera izango luke. Horretaz jabetu da Erik Hamren hautatzailea, eta erasoari ere lehentasuna eman dio.

Bide horretatik, gaindi dezake fase hau, Ingalaterra eta Ukraina menderatzeko gai delako. Aurreko txapelketetan, zenbat partidatan ez da egon Ibrahimovic bakarrik aurrealdean, baloia oso gutxitan ukituz? Baliabide hori edukita, hobeto baliatu behar da. Asmatzen badu, lehiaketa itxurosoa egiteko gai da. Garbi dago, behintzat, Suedia zurrun hura iraganeko kontua dela. Bide berri honetatik, ea zertarako gai den.

Frantzia

Berriz oilartzeko bidean

Krisi handia igaro eta gero, bueltan da berriz onenen artera Frantzia. Kosta egin zaio Zidane, Deschamps, Barthez, Desailly eta enparauei ordezkoak aurkitzea. Urteak behar izan ditu, eta hamaika gorabehera ere izan ditu tartean. Talde mitiko hartako kapitainak hartu behar izan du ardura trena trenbidean sartzeko berriz ere. Laurent Blancen gidaritzan, selekzio indartsua da orain Frantzia.

Baina ez da izan hasieratik bide polita. Oraintxe hasi da lanaren fruitua jasotzen Girondins Bordeleko entrenatzaile ohia. Duela hilabete gutxi ez zegoen Eurokopa honetan garaile izateko hautagaien artean, baina, azkenaldian, indarra hartzen hasi da. Koska bat gora egin du taldeak, eta beste itxura bat ematen du. Fidagarria da orain Frantzia.

Taldea ez ezik, izen distiratsuak ere baditu Blancek bere aginduetara: Benzema, Ribery, Nasri eta Ben Arfa nabarmentzen dira jokalarien zerrendan. Ez dira edozein. Partida berdinduak beren aldera eramateko gai dira jokalari horiek. Sendotasuna eta izarrak. Horrela zehaztu daiteke oilarraren selekzioaren jokoa. Ez dira baliabide txarrak txapelketa ona egiteko. Erdi ezkutuan egon daitekeen faboritoa izateak ere presioa kenduko dio taldeari. Ezustea eman dezake, Frantziak lehiaketa handia egitea ezustekotzat hartzen bada, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.