Bigarren partidak hasi dira selekzioentzat. Eta horrek esan nahi du aurrenekoari beste bat gehituko diotela. Eta horrek esan nahi du talde bakoitza zer den hobeto ezagutzeko aukera ematen duela. Bigarrengoari ekiteko, aurrenekoa hartzen da oinarrian: bakoitzak zer egin zuen eta nola. Brasil-Mexikok eman dio hasiera bigarren jardunaldiari. Biak irabazle lehen egunean, eta biak ezberdin ereduan. Gaur ere bai.
Brasilek Mexiko estutuko zuela argi zegoen, eta estutu du. Baina ez asko ere. Gehiago eman dezakeen itxura utzi du gaur ere Brasilek. Hala ere, Scolariren taldeak horrelakoak dira: ematen du gutxirekin asko egiten dutela, eta lehen ere irabazia da era horretara Munduko Kopa Brasilekin, 2002an. Atera kontuak gaurkoari: gutxirekin, une askotan Mexiko baino okerrago arituta ere, Ochoa Mexikoko atezainagatik ez balitz, beste hiru puntu izango zituen Brasilek.
Mexikok bai, honek eman du berea. Gainditu egin du lehen eguneko maila. Orduan txukun, gaur oso ondo. Piojo Herrera entrenatzaileak ez du eredua aldatzen, ezta marrazkia ere. 5-3-2 hori aldaezina da, eta erasoan baloiaren jabe egin eta gora heltzea ere aldaezina da. Une batzuetan lortu du, baina goian zerbait falta zaio; lehengo egunean ere bai: azkeneko pasea zuzen ematea; jaurtiketak atera egitea (gaur bota ditu mordo bat area kanpotik, baina atera apenas bat edo bi). Beste une batzuetan estu ibili da baloiari eusteko ere, Brasilek goian presioa egin dionean. Tarte horietan igaro ditu une txarrenak Mexikok. Baina buelta emateko gai izan da, eta beti baloia lagun.
Brasilen gabeziak agerian geratu dira zein diren: baloiarekin jokoa sortzeko zailtasunak dauzka. Atzetik aurrera ezin jokaldia lotu, ez bada izarren jokaldi bakarkoekin. Eta kontua da horrela eginda ere aski izan dezakeela urrutira heltzeko txapelketan. Gabezia du baloiarekin jokoa lotzearena, baina behar al du? Nahi al du? Erosoago dago baloia lapurtu eta kontraerasora jokatzen. Baina lapurtzeko egokiak al dira Neymar, Oscar eta Bernard, esaterako?
Golik ez da egon, baina ederra izan da hala ere. Bikaina. Golik ez da egon ez, baina aukerak bai. Lehia irekia izan da, eta bi atezainek, Ochoak eta Julio Cesarrek lan ederra egin dute. Batez ere, Ochoak. Talderik gabe dago, Ajacciok Ligue 2rako bidea hartu eta gero. Datozen orduetan jasoko ditu bai eskaintza batzuk gaurko lanari esker. Golik ez jasotzearen beste arrazoia bi taldeetako erdiko atzelarien lana izan da. Mexikon dotore eta sendo Marquez beteranoa, Moreno eta Rodriguez kankailua. Brasilen, berriz, aurkarien eraso guztiak hausteko nahikoa dira David Luiz eta Thiago Silva. Bost atzelari horiek ere ikuskizunari ekarpen handia egin diote.
Eta multzoa zabalik utzi du berdinketak. Launa puntu Brasilek eta Mexikok. Bat ere ez Kroaziak eta Kamerunek; bihar jokatuko dute bi hauek. Polita dator bai azkeneko jardunaldia. Golak izango dira bai azkeneko egun horretan. Baina ez badaude eta gaurkoa bezalako ikuskizun ederrarekin bada, bost axola.