Gonbidatu deserosoa

Telebistek partidako bi etenaldi eskatzeko eskubidea izango dutela lau t'erdikoaren aurkezpenean jakiteak pilotariak sutu ditu

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Eta telebistak sua piztu zuen. Lau t'erdiko Txapelketaren diseinua atzo hezurmamitu zen, Bilbon eginiko zozketan, eta iskanbila bukaeran iritsi zen. Kazetarien galderentzat irekitako tartearen aurretik Iñigo Salbidea Asegarceko gerenteak hartu zuen hitza. Txapelketako berritasun handia azaldu zuen: telebistek partida bakoitzean bi atsedenaldi eskatzeko aukera izango dute iragarkiak emateko, eta pilotariek, ohiko bostak izan beharrean lau baino ez dituzte izango. ETBk, oraingoz, halako atsedenik eskatzeko asmorik ez duela jakinarazi zuen atzo arratsaldean; beraz, badirudi egitasmoa Nitro kateak bultzaturikoa dela. Pilotariek aurkezpenean izan zuten horren berri, eta sutu egin zituen, Irujoeta Titin III.a bereziki.

Gauzak hobeto egiteko moduak badaude, eta EPELek pilotariei erabakiaren berri bezperan ematea aski zuen zalaparta eragozteko. Izan ere, Irujok eta Titinek kazetarien aurrean egin zioten aurre Asegarceko gerenteari. Irujok txapeldunari dagokion rola hartu zuen, eta ahots ozenez,«hori zuei komeni zaizuena baino ez da», aurpegiratu zion Salbideari. Titinek ere ageriko egin zuen bere kritika, atseden bat gehitu beharrean bat kentzen zietela argudiatuz. Iñaxio Errandonea Aspeko gerentea bere pilotariak lasaitzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Pilotari gehienek neurria kritikatu zuten. Dena den, erabakia berak baino, aurkezpenean ezagutzeak sutu zituen. Irujok, haserre, ez zuen adierazpenik egin nahi izan aurkezpenaren ondoren.

Borja Oses EPELeko epaile bakarrak BERRIAri argitu zionez, telebista kateko errealizadoreak izango du atseden horiek eskatzeko ardura. Kateko kide batek, era berean, erdiko epaileari jakinaraziko dio zein tantoren bukaeran izango den atsedena. Berez, teknikoki ezinezkoa dirudi eten hori saketik eginiko tanto baten ondoren izatea, baina Salbideak atzo esan zuenez «gerta daiteke». Pilotariek, aldiz, ezin dute eskatu. Epaile bakarrak azaldu zuenez, neurria «oso berria» da, aurkezpenaren aurreko orduetan azterturikoa. Egia da, txapelketaren arautegian ere ez da ageri.

Halako neurriak egon badaude beste kirol batzuetan, saskibaloian esaterako, baina han araututa daude. Une jakin batean izaten dira, eta teknikari eta jokalariek badakite noiz izango diren. Pilotaren kasuan, berriz, eta azalpen gehiagoren faltan, errealizadoreak erabakitzen du. Telebistaren atsedenak, gainera, hiru minutuak izango dira, pilotarienak bikoak direnean. Telebistaren esku hartzea inoiz baino urrunago iritsi da, eta enpresek men egin dute. «Gauzak ekonomikoki dauden bezala halakoei ezin zaie ezetz esan, eta pilotariek ere jakin beharko lukete diru sarrerak zeintzuk diren», argudiatu zuen aurkezpenean enpresetako bateko goi kargu batek.

Pilotarien aldetik Julen Retegi izan zen neurriaren alde txarrak hobekien azaldu zituena. «Kanpoko pertsona baten esku gelditzen da jokoa. Pentsa, tanto oso gogor bat jokatu ondoren aurkaria jota egon daiteke, eta zuk hori zure mesedetan baliatu dezakezu. Eta orduan telebistak atsedena eskatzen badu?». Titinek, berriz, azken orduan jakiteak sorturiko haserrea nabarmendu zuen. «Ilogikoa da guk azken unean izatea erabakiaren berri, baina Enpresen Liga da erabakitzen duena, eta betikoan gaude. Pilotarengatik egin dutela diote, baina euren interesagatik da. Benetan, aurretik esan behar ziguten».

Hasiera, berriz ere Urretxun

Liskarraren aurretik egin zuten zozketa, eta, parte-hartzaileei dagokienez ez da, aldaketa handirik egon. Asegarcen, Iñigo Leiza eta Aimar Olaizolaren hutsuneak Mikel Urrutikoetxea Bigarren Mailako txapeldunak eta Stephane Lemunok beteko dituzte. Bilboko enpresak indartsu egin du apustu Lemunoren alde, profesionaletan urte erdi baino ez daraman arren. Udan, buruz buru bereziki, maila ona eman du, eta kaiolan partida bana irabazi die Aratz Mendizabal eta Iñigo Diazi.

Aspen, berriz, eta iazkoarekin alderatuta, Aitor Zubieta eta Abel Barriola sartu dituzte. Biek, min hartuta, iaz ezin izan zuten jokatu. Leitzarraren itzulera jakina zen. Etxarriarrak, berriz, enpresaren gonbita jaso du. Berak esana da lau t'erdikoa gustatzen zaiola eta baikor hartu du gonbidapena. Duela bi urte oso estu hartu zuen Iker Arretxe.

Txapelketa hilaren 15ean hasiko da, iaz bezala Urretxun (Gipuzkoa), Aritz Lasa eta Lemunoren arteko partidekin, eta lehen asteburuan beste hiru partida jokatuko dira: 16an bi; Olaizola I.a eta Diazen artekoa Gernikan (Bizkaia), eta Bengoetxea VI.a eta Beroizen artekoa Iruñean. 17an Barriolak eta Saralegik jokatuko dute, Eibarren (Gipuzkoa). Lehen larunbateko bi partidek aurrekariak dituzte. Iaz Bengoetxea VI.ak 22-5 irabazi ion Beroizi, eta duela bi urte Olaizola I.a izan zen Diaz kanporatu zuena (22-6).

Bigarren asteburuko bi partida ere zehaztuta daude, eta biak 23an jokatuko dira. Berasaluzek eta Olazabalek Gernikan neurtuko dituzte indarrak, eta Ruizek eta Olaetxeak Iruñean. Zehazteke dago non jokatuko diren Urrutikoetxea eta Zubietaren artekoa eta Xala eta Arretxeren artekoa.Bat Eibarren jokatuko da.

Zerrendaburuak azaroaren 7ko asteburuan sartuko dira lehian eta finalerdiak ligaxka bidez erabakiko dira.Finala abenduaren 12an jokatuko da, oraindik zehazteke dagoen pilotaleku batean. Azken bi urteetan finala astelehenez jokatu izan da, Hego Euskal Herriko abendu hasierako jaiegunekin bat eginez, baina aurten igande batera itzuliko da. Arautegiari dagokionez, beste aldaketa handi bat dago: sake bakarra. Beraz, buruz burukoan eta binakakoan bezala, pasa falta izango da. Iazko lau t'erdikoan bi sake egon ziren, baina Nafarroako lau t'erdikoan arautegi berriarekin jokatu zuten pilotariek.

Titinen azkena?

Adarren osaketari dagokionez, lehen fasean sartzen diren faborito gehienak C eta D adarretan elkartu dira. D adarrean, Barriola eta Bengoetxearen arteko partida bat egon daiteke final-zortzirenetan, eta irabazten duenak irabazten duela hura izango da faborito Retegi Biren aurkako final-laurdenetan. C adarrean, berriz, pronostikoak betez gero, Berasaluze VIII.ak eta Xalak egin dezakete bat, eta irabazleak Titin izango du aurkari. Triciokoak ez zuen ziurtatu, baina bere azken lau t'erdikoa izan daitekeela esan zion kazetari bati. Ez da halakoa esan duen lehen aldia, eta beti emaitzaren barruan utzi izan du hurrengo parte hartzea, zerrendaburu den bitartean segituko duela esanez.

Bestalde, enpresek aurki emango dute Bigarren Mailakoaren berri, eta hasierako kanporaketen ondoren final-laurdenetan nahastuko dira Aspe eta Asegarceko pilotariak. Iazko sistema bera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.