WTAko zerrendan 133.a da Jie Zheng tenislari txinatarra. Hortaz, ez da, ez, punta-puntakoa; puntakoa ere ez, egia esan. Horregatik, Wimbledonen aritu ahal izateko gonbidata egin zioten. Eta gonbidatutako tenislaria puztu egin da partidak jokatu ahala. Ana Ivanovic WTA zerrendako liderra egurtu zuen final-hamaseirenetan, eta atzo, berriz, gehiago sufritu arren, Nicole Vaidisova txekiarrari irabazi zion final-laurdenetan (6-2, 5-7 eta 6-1). Hala, Wimbledoneko finalerdiak jokatuko dituen aurreneko emakumezko txinatarra da Zheng. Wimbledonen birritan nagusitu den -2002an eta 2003an- Serena Williams izango da bere aurkaria bihar.
Tenislari ezagun bat, izar bat, eta ezezagun bat ariko dira, hortaz, elkarren kontra. Dena den, eta egiari zor, Zheng ez da erabat ezezaguna. Izan ere, binaka torneo asko irabazi izan ditu bere ibilbidean; 11 guztira. Eta tartean Grand Slameko bi, biak urte berean, gainera, 2006an: Australiako Irekia eta Wimbledon. Yan Zi txinatarra zen bikotekidea. Bakarka, berriz, hiru torneotan gailendu da: Hobarten (Australia) 2005ean, eta Estorilen(Portugal) zein Estokolmon (Suedia) 2006an. Grand Slameko 15 torneo jokatu ditu, 2004an Roland Garrosen debuta egin zuenetik. Egun arte, sekula ez da nabarmentzeko eta azkeneko kanporaketetara heltzeko gai izan.
Orain, puztuta dabil 24 urteko txinatarra -25 beteko ditu larunbatean, finalaren egunean-. Atzo ere, erraz ez, baina nahiko erraz hartu zuen mendean WTAko 18. sailkatua. Izan ere, bigarren setean ez ezik, beste bietan ere jaun eta jabe izan zen Zheng. Serena Williamsen kontra, baina, askoz ere gehiago sufrituko du ziurrenik. Williams ahizpetan gazteenak 59 minututan gainditu zuen atzo Agnieszka Radwanska poloniarra (6-4 eta 6-0). Hasi eta buka jaun eta jabe izan zen, eta 19 minutu besterik ez zuen behar izan bigarren seta eskuratzeko.
Bere ahizpa Venusek -garaile iaz, 2005ean, 2001ean eta 2000an- ere izerdi gutxi bota zuen Tamarine Tanasugarn thailandiarra garaitzeko (6-4 eta 6-3). Bere sake bortitza eta aurkariak, hain zuzen, sakearekin dituen gabeziak, baliatu zituen oso erraz irabazteko. Elena Dementieva izango da bere aurkaria biharko finalerdian. Errusiarren arteko final-laurdenetan, atzoko partida gogorrenean eta luzeenean, Dementievak 6-1, 6-7 eta 6-3 irabazi zion Nadia Petrovari. Bi ordu eta erdi pasatxoko partidaren ondoren, faboritoa nagusitu zen.
Emakumezkoen final-laurdenetako partidak jokatu ziren atzo, eta gaur, berriz, gizonezkoenak. Pista nagusian, lehen partidan, Roger Federerrek, azken bost urteotako garaileak, eta Mario Ancic kroaziarrak neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, berriz, Andy Murray eskoziarrak eta Rafa Nadal kataluniarrak jokatuko dute. Federer eta Nadal dira faborito argiak kanporaketa horietan. Marat Safin errusiarrak, berriz, Lopez espainiarra izango du aurkari, eta Schuettler alemaniarrak, Clement frantziarra.
Gonbidatua puztu egin da
Jie Zheng da Wimbledoneko finalerdiak jokatuko dituen aurreneko emakumezko txinatarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu