Gora egin nahi dute nafarrek

Port Sagunten pistan ariko da gaur Amaya Sport San Antonio; valentziarrak azkenak dira sailkapenean

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Puntu premian da Amaya Sport San Antonio, eta behar hori asetzen saiatuko da gaur Port Sagunten pistan. Asobal ligako sailkapenean azkena da Valentziako taldea. Bi puntu bertzerik ez du lortu orain arte. Ustez, irabazteko moduko aurkaria da Juanto Apezetxearen jokalarientzat. Nafarrak hamaikagarren dira sailkapenean, zazpi punturekin.

Denboraldia ez da batere erraza izaten ari San Antoniorentzat. Partida bakoitza erronka zaila da iruindarrentzat. Azken jardunaldiko Anaitasunaren aurkako derbian azken unean egin zion ihes garaipenak San Antoniori, eta berdinketarekin konformatu behar izan zuen.

Partida ona jokatu zuten bi taldeek, hala ere, eta joko on hori izan daiteke gaur Apezetxearen jokalarien pizgarri nagusia. Kontuz ibili beharko dute nafarrek, hala ere, azken postuan egonda aurkari arriskutsu bilakatzen ahal duelako beharrak Port Sagunt.

«Adi ibili beharko dugu. Azkenak dira, baina badute gorago egoteko taldea», erran du Apezetxeak. Azken postuan egoteak urduritasuna eragiten ahal dio Port Sagunti, haren ustez, eta egoera hori bere alde baliatzeko prest da San Antonioko entrenatzailea gaurko partidan.

Lesioek jota da Valentziako taldea, bertzalde, eta egoera horrek, ziurrenik, baldintzatuko du gaurko partida. San Antonioko jokalarien artean ere hainbat jokalari ezin izanen dira aritu gaurko norgehiagokan. Min hartuta dira David Rasic eta Ibai Meoki. Niko Mindegiaren egoerak, berriz, hobera egin du, eta Sagunten aurka jokatzeko moduan izanen da. Berri ona da, zalantzarik gabe, San Antoniorentzat.

Aurkariaren kalitatea azpimarratu du Apezetxeak, eta etxean zaleen laguntzarekin haren jokoak gora egiten duela gaineratu du: «Zaleen laguntzarekin hobeki aritzen dira pistan, eta horrek arriskutsuago bilakatzen ditu. Esperientzia handiko jokalariak dituzte, eta gogor egin beharko dugu lan haien pistan irabazteko».

Juanto Apezetxeak argi du San Antoniok puntuak behar dituela sailkapenean gora egin ahal izateko, eta ez dio gaur duen aukerari ihes egiten utzi nahi.

SAGUNT-SAN ANTONIO

Port Sagunt. Peg, Bruixola, Ibañez, Moya del Saz, Ruiz, Sorrentino, Moya Florido, Sifre, Tarraso, Alegre, Nebot, A. Fernandez, C. Rodriguez eta Cid.

Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Lucau, Sevaljevic, Guardiola, Jimenez, Mindegia, Peciña, Lopez, Victor, Sluitjers, Curkovic, Crowle, Luisfe eta Agirrezabalaga.

Sailkapena. Sagunt azkena da, 16.a, bi punturekin. San Antonio hamaikagarrena, 7rekin.

Epaileak. Casado eta Vera.

Lekua. Ovni udal pabiloia.

Ordua. 16:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.