Binakako txapelketan gora begira dauden bi bikoteen arteko partida izango da gaur Urdulizen (Bizkaia) 22:15etik aurrera jokatuko dena. Asko dute irabazteko, baina asko gal dezakete ere. Ez da hil ala biziko partida, ligaxkako zazpigarren jardunaldia da oraindik; baina irabazleek finalerdietarako ibilbidea bideratu dezakete dagoeneko. Galtzen dutenek, berriz, ilunago ikusiko dute txapelketako etorkizuna. Segurtasun sarea badago, baino hobe dute ez erortzea.
Berasaluze VIII.a eta Apraiz uste baino txukunago ari dira. Inork gutxik pentsatzen zuen hasieran hainbesteko maila emango zutenik. Aurrelariarena ez da ezustekoa, aspaldi erakutsi du erasoan tantoa amaitzeko dituen dohainak. Gernikako atzelariak ere oso itxura ona eman du azken urtean, baina ez zen espero hain sendo azaltzea. Asko jotzen ari da, eta dominatzen hasteko erraztasuna du; baina, horretaz gain, nahiko pilota gutxi galtzen ari da. Sendotasun horretan eta bi pilotarien arteko orekan dago emandako itxuraren gakoa.
Gonzalez-Laskurain, berriz, behetik gora datoz, suziriak bailiran. Txapelketa zuloan hasi ondoren, nabarmen egin dute goraka, eta bi partida jarraian irabazi dituzte. Boladari eutsita gorantz begira jarri dira iazko txapeldunordeak. «Txapelketa oso ondo hasi genuen, baina zorterik gabe. Gero txakalaldia izan genuen. Orduan bikote bezala jokatzen hasi ginen, konfiantza eta motibazio gehiago edukitzen hasi ginen...», Gonzalezek berak ezin hobeto laburbildu zuen bikoteak izan duen bilakaera, herenegungo pilota aukeraketan.
Gaurko partidari begira, lehia gogorra eta luzea espero da. Bi bikoteak nahiko parekatuta daude. Apraiz jotzaileagoa da Laskurain baino; halere, soraluzetarrak erakutsi du badakiela sufritzen. Aurrean polita izango da Gonzalezen eta Berasaluzeren arteko talka; biak maisu tantoa bukatzen, eta dohatsu defenditzeko orduan.
Puntuak metatzeko beharrari begira, Gonzalez eta Laskurainek dute premia gehien. Aspeko bikotea bi garaipenekin geldituz gero, arriskuan ikusiko dute euren burua. Azkaindarrak badaki garrantzitsua izango dela gaur irabaztea: «Ezin dugu huts egin finalerdietarako sailkatu nahi badugu. Garrantzi handiko partida da guretzat. Partida luze eta oso gogorra izango dela pentsatzen dut».
Berasaluze VIII.a eta Apraiz hain behartuta ez egon arren, Olaizola II.a-Beginoren eta Xala-Barriolaren aztarna jarraitu nahi dute. Bizkaitarrak kontzentratuta daude, eta etxetik gertu jokatzea gaur irabazteko akuilu bihurtu nahi dute. Ez dute ezustekorik nahi, eta goian finkatzea da euren helburua.
Goraka begira segitzeko
Finalerdietara begira jarriko dira Berasaluze VIII.a-Apraiz eta Gonzalez-Laskurain, gaur irabaziz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu