Donostiako Klasikoa

Goraka eutsi, beheraka hautsi

Alejandro Valverdek bigarrenez irabazi du Klasikoa, Bordako Tontorrean behera eraso bortitza jota. Mollema, Rodriguez eta Nieve igo dira harekin, baina jaitsieran ezin izan diote jarraitu erritmo biziari.  

Alejandro Valverde Movistar taldeko txirrindularia, atzo, besoak altxatuta, garaipena ospatzen, Bulebarreko helmuga gurutzatu aurretik. Bakar-bakarrik egin zuen Igeldotik beherako ibilbidea. JON URBE, ARP
Oihan Vitoria.
2014ko abuztuaren 2a
09:21
Entzun

Lehertuta, indarrez hustuta, ezinean, onena emanda eta behera bete-betean zetorrela zirudienean, sekulako astindua eman zuen atzo Alejandro Valverdek (Movistar), Donostiako 34. Klasikoa irabazita. Azken erlojupeko saioan podiumetik at geratu zen Frantziako Tourrean, eta ugariak ziren txirrindulariaren egoera fisiko eta psikologikoari buruzko duda-mudak. Guztiak, alabaina, kolpe bakar batean uxatu zituen. Gorputzaldi eskas eta kaskarrari buelta eman, eta erakustaldi bikaina eman zuen Igeldon behera.

Helmugarako zortzi kilometro falta zirela gainditu beharreko Bordako Tontorra (argazki bilduma) zen lasterketako berrikuntza, baita aldapa erabakigarriena ere. Igoera aldapatsu horri berebiziko beldurra zioten parte hartzaileek. Tentuz eta errespetu handiz mintzo ziren maldaren gogortasunaz. Inor gutxik erreparatu zion, hala ere, Igeldoko jaitsiera luze eta gorabeheratsuari. Movistarreko taldeburuak, bai. Oso argi ibili zen: esperoan egon behar zuenean indarrak gorde zituen, eta aurrera egitea zegokionean, berriz, eraso bortitza jo zuen, maisuki. Maldan behera ondo moldatzen da espainiarra, eta hori baliatu zuen aurkariengandik aldentzeko. Bai hankaz eta bai buruz bizkorrena izan zen Valverde, eta merezita nagusitu zen bigarrenez Bulebarrean.

Bordako Tontorrean gora, Joaquim Rodriguez (Katuxa), Bauke Mollema (Belkin) eta Mikel Nieve (Sky) eduki zituen ondoan. Haiek eraman zuten igoeraren pisua, ez Valverdek. Movistarrekoak bazekin zein zen gakoa: goraka eutsi eta atzean ez geratzea, beheraka ihes egin, lasterketa apurtzeko. Ez zen bestela izan. Jaitsieran metro batzuk hartu, eta bakar-bakarrik egin zituen helmugara arteko hiru kilometroak, erlojupeko saio motz bat eginda. Atzetik zeukan hiruko taldeak gogotik jardun zuen Valverde harrapatzeko. Movistarrekoak, baina, errenta aski lortu zuen, lasai-lasai helmugaratzeko. Kosta zitzaion garailea zela sinestea, dena dela. Bulebarrean egonda ere, zenbait alditan begiratu zuen atzera, ziurtatzeko.

Valverderen jarraitzaileek ilaran gurutzatu zuten helmugako marra: Mollemak lehenik, Rodriguezek gero, eta Nievek azkenik. Leitzarrak igoera ikusgarria egin zuen Igeldon gora. Aurreneko zatia eramangarria zen, eta sasiordekako lanean aritu ziren tropeleko txirrindulariak. Michael Albasini (Orica Greenedge) izan zen batasun hori hausten lehena. Erasoa jo, eta Nievek atzetik segitu zuen, bi aldiz pentsatu gabe. Pedal kolpe ona erakutsi zuen. Indartsu zirudien, eta zati bat Albasinirekin batera eginik, gurpiletik at utzi zuen. Gerora etorri ziren oilarrak, eta elkarrekin gurutzatu zuten gaina. Lan eskerga egin zuen Sky taldekoak, baina laugarren bukatu zuen, iaz bezala.

Baina Nieve bakarrik ez. Amets Txurruka ere (Caja Rural) saiatu zen eguneko ihesaldia amaieraraino eramaten. Ez zen posible izan, halere. Itxaropenak eman zizkien euskal zaleei, eta Donostiako Klasikoa herriminez zegoela zirudien, batek baino gehiagok hurbil ikusi baitzuen euskal herritar baten garaipena 24 urteren ostean. Oro har, Bordako Tontorrean ez ezik, hirigunean ere jendetza bildu zen proba bertatik bertara ikusteko.

Bizia eta mugitua. Halakoa izan zen lasterketa. 209 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egin zuten ziklistek, eta, aurreikus zitekeen moduan, azken aldapan erabaki zen garaipena. Aurretik, alabaina, izan zen gorabeherarik. Ugari, gainera. Jaizkibel eta Arkale bitan igo zituzten, eta, urtero legez, eman zuten zeresana. Elkarri mokoka eta ihes egiteko ahaleginean aritu ziren. Dena dela, eraso bakar batek ere ez zuen tropela estutu.

Donostiara hurbildu ahala, baina, Movistarrekoek hartu zuten aginte makila, eta kate motzean lotuta eduki zituzten iheslari guztiak. Igarri zen, bai, Valverderen taldekideek oso argi zutela estrategia, eta ez zutela baimenduko haren garaipena arriskuan jar zezakeen erasorik. Xede berak zeuzkan Rodriguezek. Askok jotzen zuten faboritotzat, ibilbide aldaketa haren neurrira egindakoa baitzirudien. Valverde, ostera, hobeto moldatu zen. Mesede egin zion azken aldapak, eta berretsi egin zuen punta-puntakoa dela. Kontrara, Rodriguezek bai, nabaritu zuen Tourreko nekea zangoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.