Gorka Izagirrek (Euskaltel-Euskadi) irabazi du Ordiziako klasikoa, Johan Chaves iheskideari aurrea hartuta. Abaltzisketako gaina biek pasatu dute aurrena, aldapa behera aldeari eusten jakin dute, eta helmugara bakarrik heldu dira. Miguel Angel Rubiano sartu da hirugarren.
Ordizian irabazi duen bigarren aldia du Izagirrek (Ormaiztegi, 1987); 2010ean lortu zuen aurreko garaipena, Euskaltelen zela. 2009an egin zuen debuta profesionaletan. Luxenburgoko Tourreko etapa bat ere eskuratu zuen duela bi urte.
Ordiziako klasikoko lehen kilometroetan Dimitri Xokolovek egin du aurrera. Haren atzetik boskote bat egin da, baina ez dute iheslaria harrapatzerik lortu. Pelotoian Euskaltelek eraman du lasterketaren zama, eta uneoro kontrolpean izan ditu aurrekoak. Altzoko azkeneko igoeran, Androni taldeak pelotoia estutu eta 30en bat txirrindulari geratu dira aurrean, eta Xokolov aukerarik gabe utzi du.
Abaltzisketako azkeneko igoeran Izagirre eta Chaves nabarmendu dira, eta gainean hamahiru segundoko aldea zuten. Aldapa behera zazpi txirrindulari batu dira aipatutako bikotea harrapatu nahian baina, metro gutxigatik izan bada ere, ez dute lortu.
Txirrindulariek 165,7 kilometroko ibilbidea izan dute. Abaltzisketako gainetik bost aldiz igaro dira —azkena, helmugatik hamar kilometrora—, eta Altzotik, berriz, bi aldiz.