Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Gorputzak ezetz esan dio

Igor Antonek izugarri sufritu du Vueltako laugarren etapan, Sierra Nevada etzanean gora, eta faboritoekiko, 1.27 minutu galdu duDani Morenok irabazi du etapa, ihesean, eta Sylvain Chavanel jarri da lider

unai zubeldia
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ezetz. Ezin zuela. Nahikoa zela. Erritmoa jaisteko. Itoko zela. Kito. Igor Antonen (Euskaltel-Euskadi) gorputzak argi hitz egin zuen atzo. Ez dago bere onenean. Beroagatik, prestaketa faltagatik edo dena delakoagatik. Baina Euskaltel-Euskadiko taldeburua arrastaka dabil Vueltaren hasieran. «Ez nengoen ondo, eta ahalik eta denbora gutxiena galtzea zen helburua». Sufritu egin zuen herenegun La Santako koxkatxoan gora. Eta gorriak ikusi zituen atzo Vueltako lehen mendate serioan, Sierra Nevada luze baina etzanean. Igotzen hasterako jarri zen tropelaren atzealdean.

Putz eta putz. Arnasa nahi eta arnasa falta. Ura edan bai, baina likidorik ez gorputzean. Dena lehor. Bidoietako ura ere soberan zeukan. Dena errepidera. Indar faltan. Pisu guztia soberan. Pedalei eragiteko ere lanak zeuzkan galdakoztarrak. Amets Txurruka eta Gorka Verdugo ondo-ondoan izan zituen une oro. Baina taldekideei ere ezin segitu —tropelaren buruan, dotore mugitu zen Mikel Nieve, eta 14. posturaino igo da sailkapen nagusian—.

Helmugara iristeko bederatzi kilometro luze falta zirenean galdu zuen tropelarekiko metroa. Bost segundoko aldea. Bihurgune bat. Bi. Hiru. Hamabost segundoko sufrimendua. Bi taldekideren laguntza saiatua. Alferrik. Autoari deitu. Beste dei bat. Garrasi bat. Putz eta putz. Bidoiak eskatu. Bidoiak soberan. Sufrimendu aurpegiak. Sierra Nevadakoa baino aldapa gogorragoetan erakustaldiak emandakoa da Anton. Baina Vuelta irabazteko faborito argietako bat hustu egin zen atzo. Eta aurkariak ez ziren lo geratu. Liquigasek lehenengo, Vacansoleilek gero, eta Katuxak azkenik, estutu egin zuten erritmoa, eta bizkaitarrak faboritoen aldean 1.27 minutu galdu zuen azkenean helmugan. Verdugoren gurpilari pega-pega eginda. Herio batean. Hustuta. Igoerari nola ekin zion ikusita, gaitz erdi. Ez da seinale ona, ordea. Burgosko Itzulian erakutsi zuen larri zebilela, Neilako Aintziretan gora, Mikel Landa taldekideak irabazi zuen etapan, onenei segitu ezinda ibili zelako —1.58 galdu zuen helmugan—. Aurreko egunean, berriz, Morenok irabazi zuen etapan, faboritoen tropeltxoan iritsi zen, baina asko sufrituta. Vueltaren bezperan ere aitortu zuen lehiaketa egunak falta zitzaizkiola, ez zegoela bete-betean. Eta huts handia da hori, taldeak eta txirrindulariak berak aspalditik zekitelako Vueltaren lehen astea gogorra zetorrela oso.

Ezinak jota, ikusi ere ez zuen egin Antonek aurrean izan zen saltsa. Ihesaldia kontrolpean zela, Chris Sorensenek (Saxo Bank) jo zuen erasoa helmugarako zortzi kilometro eskas falta zirenean, eta kontraerasoan saiatzea erabaki zuen Vincenzo Nibalik (Liquigas). Sua piztu zuen horrek. Steven Kruijswijk (Rabobank), Jurgen Van den Broeck (Omega Pharma-Lotto), Dani Martin (Garmin-Cervelo), Robert Kiserlovski (Astana)... Erasoa erasoaren atzetik.

Etapa hasieratik sortutako ihesaldiaren arrakasta amaieraraino eraman nahian zebilen Guillaume Bonnafond (Ag2r), baina Sorensenek ito zuen. Anton segundoak galdu eta galdu, eta faborito guztiak, geldi-geldi. Etapa garaipena buruan, Dani Morenok (Katuxa) jo zuen erasoa tropelaren buruan, eta aise iritsi zen Sorensenen gurpilera. Eutsi eta garaipena. Bazekien esprintean azkarragoa zela. Eta eutsi zion. Aise. Igotzaile fina da espainiarra, eta atzo ere erakutsi zuen kontuan edukitzeko txirrindularia dela. Garaipena, eta sailkapen nagusiko bigarren postua. Sufritu egin zuen Sylvain Chavanelek (Quick Step) tropelaren arrastoari segitzeko. Baina frantziarrak lortu zuen azkenean Sierra Nevadan liderraren maillota janztea.

Ihesaldi saio hutsala

Sierra Nevadako azken igoeraren zain egon gabe, iheserako etapa aproposa zen atzokoa. Eta horixe pentsatuta jo zuten erasoa, 10. kilometroan, Bonnafond, Matthew Busche (RadioShack), Yohan Bagot (Cofidis), Thomas Rohregger (Leopard), Eduard Vorganov (Katuxa), Jose Vicente Toribio (Andalucia Caja Granada) eta Koen De Kortek (Skil-Shimano). Txirrindulariek Filabres lehen mailako mendate gogorra zeukaten zain etapa hastearekin batera. Eta hortxe gorpuztu zen ihesaldia.

Zortzi minututik gorako aldea ere izan zuen zazpikoak Sierra Nevadara bidean, baina Movistarren lanak lehenengo, eta Rabobankenak gero, ezerezean utzi zuen ahalegina. Aurreko zazpikoa zortzi minututik gorako aldearekin hasi zen Blancares hirugarren mailako mendatea igotzen, eta gainean sei minututik beherakoa zen tartea. Egurra iragarri zitekeen Sierra Nevadarako, eta, neurrian, baina egurra izan zen Vueltako lehen mendate serioan. Antonen zoritxarrerako.

Atzoko berotuaren ondoren, etapa arriskutsua izango dute gaur, Sierra Nevada eta Valdepeñas de Jaen artean (187 kilometro). Orain urtebete, Antonek gain horretan irabazi zuen Vueltako bere bigarren etapa. Ondo bidean, ikusgarria izango da azken aldapa gogorreko borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.