Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak:CSKA Mosku-Gescrap Bizkaia

Gorriaren boterea, beltzaren tenplea

Dena du CSKA Moskuk: jokalari handiak, azkarrak, talentudunak, atletikoak, eta 44 milioi euroko proiektua, Euroliga irabaztekoGescrapek galtzeko gutxi du, eta, umil-umil, Moskuko partida bat irabaztea du asmo

Andoni Urbistondo.
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Kirolean ezer ez da ezinezkoa. Edo bai? Garaiezina al da CSKA Mosku? Galatasarayk erakutsi du ezetz, Top16an garaitu egin zuelako bere etxean. Datu ona, beste hau ezagutu arte. Jokatutako beste hamabost norgehiagokak irabazi ditu Errusiako taldeak. Esateko modua da, irabazi. Hankapean ibili baititu aurkari denak. Tartean zeuden Panathinaikos eta Olympiakos, adibidez. Gescrap Bizkaia dago orain Moskuko Armada Gorriaren bidean, Istanbulgo Euroligako Lauko Finalaren aurreko azken koska.

Handia da bizkaitarren ezustekorako gaitasuna, eta itxaropena handitzen du horrek. Astea joan eta astea etorri, berezko ordena hautsi dute, aldarean eroso bizi ziren asko jaitsarazi dituzte, eta haien tokia hartu. Legez, kantxan aurkaria menderatuz. Caja Laboral Baskonia izan zen aurrena, Real Madril ondoren, eta Montepaschi Sienari ere berotu ederra eman zioten Miribillan. Nahiko arrazoi ote, Europako talde onenari buruko minaren bat egiteko? Zaila. Saskibaloia gustuko duen edonori egiten diolako ihes halako hasperen keinuak CSKA Moskuren jokalari zerrenda entzuten duenean. Talde aparta duelako. Sekulakoa!

Alde batetik edo bestetik hasi. Ikusi besterik ez dago zeintzuk dauden taldean: joko antolatzaileak eta piboteak, edo hegalekoak eta entrenatzailea. Futboleko Bartzelona edo Real Madril da CSKA saskibaloian, eta, iraganeko distira berreskuratzeko, 44 milioi euro erabili ditu. Beste inork baino dezente gehiago. Galdera sinple batekin hobeto ulertzen da errusiarren indarra, kolore gorriaren boterea. Zein da taldeko jokalaririk onena? Gehienek Andrei Kirilenko esango lukete. NBA utzi eta jaioterrira itzuli den jokalari puska, Euroliga irabazteko asmo bakarrarekin. Denetarik egiten duen 206 zentimetroko hegaleko azkar eta atletikoa. Hirukoetan trebea, txapelak jartzen eta erreboteak bereganatzen artista, eta, defentsan, beste inor baino beso luzeagoen jabe. «Oraindik ere, ezustean harrapa zaitzakeen jokalari apurretako bat da Kirilenko». Raul Lopezena da esana, eta aintzat hartu behar, elkarrekin jokatu baitzuten aspaldi Utah Jazzen.

Beste batek Milos Teodosic esango du, buruan, burmuina ez, konputagailua duelako. Nenad Krsticen saskipeko mugimendu bikainak hautatuko lituzketenak ere ez lirateke gutxi izango. Edo Viktor Khriaparen joko osoa, Ramunas Siskauskasen odol hotza, Sasha Kaun eta Alexei Xved gazteen kemena, Andrei Vorontsevitxen zaintza zorrotza, Jamont Gordonen barneraketa biziak, edo Darjus Lavrinovicen hirukoak.

Eta gainbegiratu beldurgarri horren aurrean zer? Hasi berriaren ilusioa, zer galdu gutxi eta irabazteko asmoa duen talde polita. Ikasten ari delako Aaron Jackson, eta Raul Lopezi ere gutxik irabazten diotelako talentuan. Roger Grimau mila borrokatan zaildu delako, Alex Mumbru bezala, eta Kostas Vasileiadis sutan dagoenean Errusiako suhiltzailerik onena ere alferrikakoa delako. Marko Banic kapitainak ere bihotzean darama Bilboko odola, eta Axel Hervelle eta Dimitrios Mavroeidisek borrokaren genea dute zainetan. Jokalari bakarra geratzen da, garrantzitsuena: D'Or Fischer.

D'Or Fischerren garrantzia

211 zentimetro delako luzean, eta haren lanak balantza desoreka dezakeelako alde batera edo bestera. Dorre garaiak izanen ditu parean: Krsticek eta Lavrinovicek 2,12; Kaunek 2,13 eta Kirilenkok 2,20ko beso zabalera gaiztoa. Posible al da horien guztien aurka batera lehiatzea? Izan beharko du, CSKA iaioetan iaioena baita bere jokalari garaiei errendimendu handia ateratzen. Gorrien beroari beltzaren tenplea eman behar dio Bizkaiak. Patxadaz jardun, erotu gabe, lasai, litekeena baita tarteka CSKAk frontoi baten aurka ari direla pentsaraztea Bilbokoei, kolpe guztiak itzulita.

Esan beharrik ere ez, Moskutik garaipen batekin bueltatzea arrakasta handia litzateke. Bilbon bi partida jokatu nahi ditu klubak nola edo hala, Miribillako zale sutsuei merezitako omenaldia egiteko. Miribilla da Fotis Katsikarisen taldearen abantaila bakarretakoa. Etxean mamu bilakatzea.

CSKA MOSKU-GESCRAP

CSKA Mosku. Teodosic,Gordon, Xved, Voronov, Mejia, Vorontsevitx, Siskauskas, Ponkraxov, Kurbanov, Khriapa, Kirilenko, Lavrinovic, Sokolov, Kaun eta Krstic.

Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis, Samb eta D'Or Fischer.

Lekua. Universal kirol pabiloia (5.500 ikusle).

Ordua. 17: 15 (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.