Osasunaren ilusioa Eibarren beharra baino gehiago izan da gaur Ipuruan. Nafarrek jada poltsikoan zuten salbazioa, baina sasoia ahalik eta postu onenean bukatzeko anbizioa dute, eta horren erakusgarri izan da gaurko lehia. Itxura sendo eta lehiakorra eman dute, eta, hasi eta buka, gipuzkoarrak baino gehiago izan dira. Mendilibarrenek urrats handia egin zezaketen mailari eusteko bidean, baina beste batean izan beharko du. Atzetik izan dira partida ia hasieratik, laugarren minutuan Ruben Garciak faltaz 0-1ekoa egin ostean, eta ez dira gai izan gorritxoak estu hartu eta neurketa berriz ere orekatzeko.
Aukera onena 14. minutuan izan dute, David Garciak atzera egindako pase trakets baten ostean. Pedro Leonek izkin egin dio Sergio Herrerari, baina gero ez du asmatu baloia atera bideratzen. Atezainak falta egin dio, eta etxekoek txartel gorria eskatu dute. Gero, Oliveirak eta batez ere Kike Garciak ere banakoa egiteko abagunea izan dute. Ez dute asmatu, ordea; Ruben Garciak ez bezala. 74. minutuan, kontraeraso bikaina egin dute: Torresek hasi du, Cardonak gidatu, eta Rubenek patxadaz bukatu. 0-2koarekin, erabakita gelditu da lehia. Baita Euskal Herria Txapelaren laugarren aldiko finala ere. Sasoiko azken derbia zen gaurkoa, eta, garaipenari esker, Osasunak tokia egin du finalean. Reala izango du aurkari, oraindik zehazteko dagoen data batean.