Munduko Kopa 2014

Gosea eta jateko gogoa

Iranek eta Nigeriak txapelketako lehen berdinketa egin dute (0-0), partida aspergarria jokatu eta gero. 

Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 16a
23:23
Entzun

Nigeria-Iran. Munduko Kopa honetako egutegian, halaxe tokatu da. Aldez aurretik pentsatzen jarrita, ondorio hau: Nigeria ikusteko gogoa, zer eman dezakeen tankera hartzen joateko. Afrikako Kopako azkeneko garailea eta abar. Iranek arreta gutxi bereganatu du aurreko gogoeta horietan.


Partida hasi orduko, Iranen ingurukoa berretsi baino ez. Talde justu-justua, eta gainera, Carlos Queirozek ezarritako jokatzeko ereduak laguntza handirik ez arreta bereganatzen: lerroak atzeratu erabat, eta defentsako lanean oinarritu, talde osoa bere zelaian sartuz. Eta Nigeriaz zer? Bada, nahi eta ezin. Baloiaren jabe egin da hasieratik, eta saiatu du Iranen areara horrela heltzen. Baina ezin; edo pase txar bat, edo baloi eramate baldar bat; edo bakarkako jokaldi gehiegi; edo azkeneko pase okerra; edo erritmo makalegia; edo...


Gol batek bakarrik alda zezakeen bien itxura hori. Baina ez da azaldu. Munduko Kopa honetan aurrenekoz, ez da golik izan partida batean. Eta lehen berdinketa da. Ez dago gehiago sakondu beharrik partidaren ezaugarriak kontatzeko. Aspergarria izan da. Iranek ez zuelako nahi bizia izatea, eta Nigeriari azkartasuna komeni arren, ez duelako gaitasunik izan komeni zitzaiona ezartzeko.


Golak sartzeko aukerak apenas. Banaka batzuk. Geldikako jokaldi batean Iranek lehen zatian bere aldeko garbiena. Nigeriak area inguruko arriskua sortu du bai, baina jaurtiketa gutxi, eta egindakoak, kanpora. Ez da harritzekoa golik ez izatea partida honetan.


Zerbait nabarmentzekotan, hauxe: Iranek erakutsi duen kontzentrazioa, arreta eta ordena defentsako lanean. Bistan da horretarako lan handia egin dutela Queirozek eskatuta. Ondo egin du defentsako lana. Eta bakoitzak bere baliabidek nahi bezala erabiltzen dituenez eta nahi duen bezala jokatzen jartzen dituenez, bejondeiola Irani. Ez da irabazlerik izan, baina Iranentzat irabaztearen parekoa da puntu hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.