Irabazteko gosea du Alberto Contadorrek (Saxo Bank), eta, bere mailako txapeldun bat garaipenak pilatzeko gosez dagoenean, zaila da hari etapek ihes egitea. Joan den hilabetean Algarveko Itzulian korritu zuenetik, etapak korritzea eta irabaztea ez du besterik izan buruan. Murtzian irabazita, gainean zuen zama astuna zerbait arintzea lortu zuen. Halere, ordutik lasaiago ibili beharrean, tinko eutsi dio irabazteko goseari. Txapeldun batek garaipenaren plazera ezagutzen duenean, aseezin bihurtzen da.
2011ko Kataluniako Voltako hirugarren etapak ezin zion ihes egin. Etapa nagusia zen —Vall d'en Bas eta Vallnord (Andorra) artean—, lehen mailako hiru mendate igota eta maila bereziko mendate batean bukatuta. Aproposa zuen, eta Contadorrek ez zion garaipenari ihes egiten utzi. Bere taldeak hasieratik kontrolatu zuen etapa. Saxo Bankek azken mendatean erritmo bizia jarri zuen, eta aurkariak bata bestearen atzetik geratuz joan ziren.
Behin taldeko lana amaituta, Contadorrek erasoa jo zuen helmugatik zazpi kilometrora, eta Levi Leipheimerrek (RadioShack) eta Michele Scarponik (Lampre) eutsi zioten soilik. Espainiarrak, baina, erritmoa areagotu zuen, eta aise utzi zituen atzean, amaierara bakarrik iristeko. 23 segundoko abantailarekin iritsi zen helmugara.
Azken mendatera iritsi aurretik, eguneko balentria egiten saiatu zen taldetxo bat. Steven Kruijswijk (Rabobank), Nairo Quintana (Colombia es Pasion), Johnny Hoogerland (Vacansoleil), Sebastian Minard (AG2R), Jose Vicente Toribio (Andalucia-Caja Granada) eta Thomas Peterson (Garmin) izan ziren iheslariak, eta zazpi minutuko abantaila izatera iritsi ziren. Dena dela, Saxo Bankek erritmoa igotzea erabaki zuenean, aukerarik gabe geratu ziren guztiak. Quintanak eutsi zion gehien, baina amore eman behar izan zuen azken mendatera iritsi aurretik.
Atzoko garaipenarekin, lider da Contador, Gatis Smukulisek (Highroad) hasieratik huts egin zuelako. Letoniarra lehenbiziko etapan hartu zuen lehen postua, baina lehen zailtasunekin batera hamazazpi minutu galdu zituen. Hala, espainiarrak Volta bideratuta utzi du, eta atzoko nagusitasuna erakusten badu, berea izango da sailkapen nagusia.
Mendiko etapa gogorraren ostean, gaur sprinterrek eta iheslariek izango dute aukera. Seu d'Urgell eta El Vendrell arteko 195 kilometroko etapan hirugarren mailako mendate bat eta jaitsiera luzeak izango dituzte.
Corioni garaile Italian
Coppi&Bartali Asteko bigarren etapan, Claudio Corionik (Acqua&Sapone) esprintean irabazi zuen. Esprinteko gainsariari esker Roberto Ferrari (Androni) da lider berria, eta bere taldekideak lau segundora ditu; herenegun taldekako erlojupekoa irabazi zutelako.
Gosearen garaipena
Kataluniako Voltako etapa nagusia irabazi du Alberto Contadorrek, eta lehenengo postuan dago orain espainiarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu